Txakurren gorotzak jasotzeko zaintza areagotuz Beasainen

Udaltzaingoak kanpaina indartu du, jarraipena eginez udal ordenantzak behar bezala betetzen direla

16.02.2021 | 23:58
Beasaingo Udaltzaingoa kanpainaren barnean. Argazkia: N.G.

beasain – "Badira udalerriko hainbat toki jakin non txakurren goro-tzak jasotzen ez dituzten haien jabeek. Horrek garbitasun eta bizikidetza arazoak sortu ditu bereziki azken boladan", azaldu dute Beasaingo Udaletik, gaiarekin kezkatuta.

Arazoaz jabetuta, udalerriko Udaltzaingoak zaintza berezia burutuko du, eta horren bidez txakurren jabeak bide publikotik bere animalien gorotzak batzearen garrantziaz kontzientziatuko dituzte herritarrak, horren beharra zabalduz.

Txakurrak izan eta haien gorotzak jasotzen ez dituztenek ondorioak izango dituztela ere jakinarazi dute: "Beasaingo Udalak animaliak edukitzeko eta babesteko daukan udal ordenantza arautzailearen arabera, arau-hausteak zigortzeko isunak ezarrita dauzka eta horren baitan aipatzen diren kopuruen araberako isunak jarri daitezke".

txakur parkeak Txakurrak lotuta eramateko derrigortasuna ere adierazita dagoela gaineratu dute, eta horiek aipatutako udal ordenantzan jasota daude. Txakurrak hirigunean aske uzteko "leku aproposak" txakur parkeak direla zehaztu dute, izan ere, azken urteetan egin da gune hauen aldeko apustua.

Espazio horiek, Ezkiaga auzoan, Urbieta etxearen atzean, Zaldizurretako biribilgunean eta Igartzako Monumentu Multzoan daude. Erabilera handia ikusten da bertan, barruan aske jolas dezakete txakurrek, modu librean. Hala ere, txakurren parte hauen barruan ere egiten dituzten gorotzak jaso egin behar direla gogorarazi dute.

Txakur parke bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bertan bete behar diren arauen zerrenda jarrita dago modu garbian, edozein pertsonak irakurtzeko moduan egon daitekeen zalantzei erantzuna emanez. Lanketa honen helburua txakur-jabeak kontzientziatzea da, animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza hobeagoa izan dadin eragiteko.

Horrez gain, txakurren jabeei zuzendutako ikastaroak ere antola-tzen dituzte, herritarren eta txakur jabeen arteko bizikidetza hobetzeko bidean.