Erroskizaleek badute kluba Idiazabalen

06.02.2021 | 01:30
Kultur zinegotzi eta teknikaria alde banatan; tartean sortzaileak: Murua, Arostegi, Telleria eta Galarraga. N.G.

Fideo, Xegunda, Txin-Txo eta Kaxkarreko buruhandien ipuinak idatzi dituzte herritarrek eta liburua osatu dute

Herritarrek hartu dute hitza Idiazabalen. Fideo, Xegunda, Txin-txo eta Kaxkarreko buruhandien pertsonaiak hartu, eta lau idiazabaldarrek haien inguruko ipuinak idatzi dute Erroskilazaleen kluba liburua sortuz. Etxe guztietara banatu da sorkuntza lana.

Ane Murua, Mari Karmen Arostegi, Amaia Telleria eta Joseba Galarragak abileziarekin ondu dute Udalaren ekimena izan den liburua.

Xegundari buruz aritu da Murua. "Istorioa idazteko aukera izatea izugarri polita izan da. Hasteko, askotan ez da ikusten 50 urte inguruko emakume bat haur literaturako ipuinen protagonista bezala", zehaztu du. Sentimenduak ere landu dituzte ipuinak idazterakoan. Arostegik Fideo pertsonaiaren hautua egin zuen. "Argentinan ezagututako Euskal jatorriko zenbait lagun izan nituen gogoan, han jaiotakoak izan arren, arbasoek beharrak eraginda edo bizimodu hobe baten bila Argentinara emigratu zutelarik, euskaldun izatearen harrotasuna eta sentimenduak oso bizirik nola mantentzen dituzten ikustea".

Telleriaren kasuan, Txin-Txo-ren pertsonaia txinatarra izanik, kulturen arteko talka edota aurreiritziak lan-tzeko aproposa izan zitekeela iruditu zitzaion. "Askotan naturaltasun osoz eta asmo txarrik gabe epaitzen ditugu besteak, haiek benetan ezagutzeaz arduratu gabe", dio.

Azkenik, Galarragak Kaxkarrekore inguruan idatzea erabaki zuen: "heriotzaren gaia jorratzeko aukera ematen zidalako eta azkenaldian gai horren inguruko hausnarketak eta lanak egin berriak nituelako".

ipuin kontaketak Ipuina aurkeztearekin batera, datorren astetik aurrera, bertan agertzen diren istorioen ipuin kontaketak antolatu dira, adin ezberdinetako herritarrentzako, 17.00etatik 18.00etara. Ostiralean, hilak 11, HH3koei zuzendutako saioa egingo da; otsailaren 18an HH4 eta HH5 mailakoentzat, otsailaren 25ean LH1 eta LH2 mailakoentzat eta, azkenik, martxoaren 4an guztientzako irekitako saioa egingo da.

Astelehenean zabalduko da izen ematea; liburutegian egin beharko da, 10.30-12.30 eta 16.30-19.00.