- Parkeetan ez dira haurrak bakarrik ibiltzen. Adinekoak bertara gerturatzen dira hitz egitera, lasaitasunez ibiltzera; helduen topagune ere bada, eta gaztetxoek orduak pasatzen dituzte bertan.

Hori kontuan izanda, Ordiziako Udalak Tipi kooperatibarekin batera abian jarritako parte hartze prozesuak aurrera darrai. Hain zuzen ere, atzo bertan jarri zen abian herritarren iritzia jasotzeko inkesta. Webgune bidez joan daiteke galdetegira; gainera, atal berezi bat ere sortu dute horretarako. Prozesuak herriko izaerarekin bat egiten du, eta horregatik Parke Biziak izena eman zaio.

Ez dira galdera luzeak. 5-10 minutu beharko dira galdetegi osoa eran-tzuteko eta galderaren bat erantzun nahi ez bada, erantzun gabe utz daitekeela jakinarazi dute. Besteak beste, honakoak dira erantzun beharrekoak: orokorrean parkeera joaterakoan zer egiten duzu? Zein parketan gauzatu ohi duzu jarduera hori? Norekin joan ohi zara? Horiez gain, herritarrentzat “parke esanguratsuena” zein den ere jakin nahi da, eta zein erabiltzen den gehien ere bai.

Adur Ezenarro alkateak berretsi egin du inkesta honetan parte har-tzearen garrantzia: “Ordiziako parkeen sarea modu parte-hartzaile batean definituko dugu, ordiziarren iritzia kontuan izatea ezinbestekoa da guretzako; ordiziar guztiena. Azken finean, erabilera anitzeko guneak ditugu gure parkeak”.

Ekaina bitartean garatuko da egitasmo hau. Hasiera batean dauden parkeen diagnostikoa egiten ari dira, ondoren parke sarearen izaeraren definizioa etorriko da, eta azkenik, parkeen diseinurako irizpideak zehaztu eta garatuko dira.

“Prozesu honek helburu du Ordiziako parke sarea modu parte-hartzailean lantzea eta hobe-tzea”, zehaztu dute Tipitik eta, beraz, herritarren beharrak jasoko dira.