- Gaur bertan, El barbero de Sevilla operaz gozatzeko aukera izango da Lazkaoko Areria aretoan, Veronako Arenatik eskainia. Arratsaldeko 18.00etan hasiko da emanaldia. Aurre salmentan zortzi euroko prezioa izango dute sarrerek, eta lehiatilan, berriz, hamarrekoa. Webgune bidez erosi ahalko dira sarrerak, orain arte eskuragarri jarri duten moduan.

Gioachino Rossinik idatzitako obra hau bi ataletan banatzen da eta Sevillan kokatzen da, XVII. eta XVIII. mendeen artean. Rosina izeneko emakume aberats eta umezurtz baten istorioa kontatzen du, non bere tutorea den gizonezkoak giltzapetuta mantentzen duen, mezetara joateko aukera bakarrik emanez. Emakumea, baina, Almaviva izeneko kondeaz maiteminduta dago, Figaro pertsonaiaren bizartegiak indarra hartuko du, bi pertsonaia horien arteko maitasuna bultzatuz. Obran zehar emozioak azalera ekarriko dituzte operako partaideek, ikusleengana zuzenean iritsiz.

Opera ez ezik, Arerian zinemak leku zabala izango du hilabete honetan. Dagoeneko hasi dira egun hauetan, hain zuzen, Wonder Woman 1984, Bonnie bears: Abentura historiaurrean, Onward eta Érase una vez ikusteko aukera izan da urteko lehen egunetan.

Datozenetarako ere badago zer ikusia. Larunbat, igande eta astelehenean (ikuslearen eguna) El inconveniente emango da, arratsaldeko 19.00etan. Haurrentzako saioa ere izango da asteburu honetan: larunbatean eta igandean, 16.45ean Mi amigo Pony izango dute ikusgai.

Datozen asteetarako egitaraua ere osatuta dago. Urtarrilaren 16ean, 17an eta 18an El año que dejamos de jugar emango da 19.00etan, eta haurren saioan Los Croods: una nueva era, 16.45ean, urtarrilaren 16 eta 17an. Era berean, urtarrilaren 23, 24 eta 25ean Hasta el cielo filma eskainiko da 19.00etan, eta En guerra con mi abuelo 16.45ean, urtarrilaren 23 eta 24an.

Hilabetea amaitzeko, Manual de la buena esposa emango da 19.00etan urtarrilaren 20, 31 eta otsailaren lehenengoan, eta hilaren 30 eta 31an, 16.45ean, Elkins, euskaraz.

Higiene eta segurtasun neurri zorrotzak bete behar dira: musukoa erabiltzea beharrezkoa da eta ezin da aretoan jan. 1,5 metroko segurtasun-distantzia bermatu eta sarrera eta irteerak era ordenatuan egin beharko dira.