- Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerainen jarduten duten Tobera Musika Eskolako kideek azaldu dutenez, indarrean sartu den lege berriak "ez du eragotziko musika-eskolek gure lanarekin aurrera jarraitzea". Dena den, onartu dute aldaketak izango direla antolatutako egutegiari eragingo dienak: "Santa Zeziliako kon-tzertua aurrez aurre egitea galaraziko digu lege berriak, izan ere, profesionalen kontzertuak bakarrik baimentzen ditu".

Musika-hizkuntzako informazio-bilerak aurrez aurre egin zituzten urriaren amaieran, baina, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren azaroko dekretuak ez du uzten Santa Zeziliaren omenezko kontzertua jendaurrean egiten. "Guztia prest geneukan, baina kontzerturako zehazki prestatutako protokoloa ere". Hala ere, ospatuko dute Santa Zezilia eta aurtengo kontzertua birtualki egingo da.

Azaroaren 19tik aurrera hamalau bideo aireratuko dituzte eskolako sare sozialetan, YouTubeko kanalean eta tobera.org webgunean ere bai, pieza bakoitzeko bana. Errepertorio anitza eskainiko dute digitalki: Dance Monkey eta ETS taldearen Zurekin batera gaur egungo doinuekin batera, Bizeten musika klasikoa, garai bateko Tracy Chapman edota Sorotan Bele musikarien abestiak eta betiko kalejira eta euskal abestiak prestatu dituzte bertako ikasleek, bai bakarka edo talde txikitan. Hala, aurtengoan internet bidez zabalduko dituzte horrenbeste gogo eta esfortzurekin prestatutako egitaraua.

Lanean aritu dira etengabe eta ikasturte honetan hiru dokumentu sortu dituztela aitortu dute, ikasleen, familien eta langileen osasuna eta segurtasuna zaintzeko osatu dira, bai Musika Eskolari dagozkionak eta Dantza eskolarako ere egokitu dituzte. Honakoak dira dokumentu horiek: COVIDaren aurreko jardunbide orokorrak 2020/2021 ikasturtean dokumentua diseinatu zuten, eta irailaren hasieran, berriz, COVID pautak familientzat, jarraibide zehatzekin. Irailaren bukaeran, azkenik, ikaslearen balizko kutsa-tze batean nola jokatu adierazten duen txostena prestatu zuten Toberan. "Guztiak ikasleen eta familien esku jarri ditugu", gehitu dute. Dokumentu horietan jasotako neurriak bete ahal izateko egoitza lekualdatu behar izan dute, esaterako, Zegaman, eta espazio erabilgarriak handitu edo moldatu behar izan dira bai Seguran eta Zerainen.