- Ordiziako EAJ-PNV alderdiak eskaera bat aurkeztu du Udalean, zalantzak baititu Udalak egun duen osaeraren inguruan. Honakoa galdetu die EH Bildu alderdiko Udal Gobernuko kideei: "Argitzea nahi dugu ea Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain gobernuaren talde den edo ez. Udal talde moreak gobernuko parte balitz bezala jokatzen du maiz".

Adibidea ere mahai gainean jarri dute: "Aurrekontuak negoziatzeko egin genuen bileran, adibidez, EH Bilduko ordezkariez aparte Podemosekoak ere egon ziren gure ekarpenez hitz egiteko negoziazio mahaian". Jeltzaleek nabarmendu dutenez, normalean, bi alderdien artean izaten diren negoziaketetan, batetik, Udal Gobernua osa-tzen duten alderdietako ordezkariak egoten dira, eta, bestetik, oposizioko taldekoak.

"EH Bilduk ez du aurkeztu orain arte Elkarrekin Podemos-Ordizia Orain alderdiarekin gobernatzeko akordiorik", adierazi dute jeltzaleek. Deseoroso ere agertu dira egoerarekin, esanez, udal taldeek herriko eragileekin egiten duten bileretara joateko gonbidapenik ez dutela jaso izan orain arte, baina, bestalde, alderdi moreko kideak bertan egoten direla eta parte hartu dutela.

EAJk herritarren eskutik kritikak ere jaso dituztela azpimarratu dute: "Kritikak entzun behar izan ditugu gonbidatuta ez geunden bilera edo ekitaldietara ez joateagatik, eta nahasmen hori argitzea eta zuzen jokatzea eska-tzen diogu Gobernuari".

Gauzak horrela, bi eskaera egiten dizkio Ordiziako EAJ-PNVk, EH Bilduri. Batetik, Ordizia Orain Udal Gobernuko talde bada herritarrei hori komunikatzea, eta ez bada, alderdi guztiei ekitaldi eta ekimenetan parte hartzeko gonbidapena zabaltzea, "talde guztiak direlako maila bereko herri ordezkari", gaineratu dute.