- Atzoko egunez ehun urte bete zituen Ordiziako Euskal Herria kaleko 8. zenbakian kokatuta dagoen Goierriko Nekazal Kooperatibak edo sindikatu bezala ere ezagun denak.

San Migel egunean eratu zen elkartea, Sindicato Agricola Alkartasuna de Villafranca izenpean. Bi helburu nagusirekin, gainera: batetik, bakoitzak baserrian zeuzkan produktuak salgai jartzeko bide bat irekitzea, eta, bestetik, etxean ekoitzi ezin zituzten lehengaiak eskuratzeko aukera izatea.

1945. urtean aukera zabaldu egin zuten eta pentsuarekin hasi ziren lanean. Lehenengo aldia zen halako zerbait saltzen hasi zirela, ordura arte inguruetako baserritarrek ekoitzitako produktuak eta lanabesak aurkitu zitezkeen eta. Dudarik gabe, asteazkenetako azokak ere izan du eragina sindikatuan; astero-astero baserritar ugari elkartu baitira plazan eta inguruetan, eta behar zituzten lanabes eta produktuak bertan aurkitzeko aukera izan dute. Urteen joan etorrian filosofia berdinarekin jarraitu du kooperatibak: nekazarien produktuei irtenbidea emanez, baina eskaintzari beste hainbat elementu, jaki eta lanabes ere gehitu dizkie; hala nola, saskiak, baratzerako haziak eta bertako produktuak.

2018an aldaketa nabarmena jasan zuen sindikatuak, izan ere, berritua izan zen. Izaskun Altuna lazkaomenditarrak hartu zuen ardura, eta berrikuntzak gehitu zituen. "Moldatzen joan gara egoera berrietara, jendeak behar izan dituen produktuak jarriz", azaldu du. COVID-19ak jendeak sindikatua ezagutzea ekarri duela ere gehitu du: "Askok orain deskubritu gaituzte, eta guretzako albisteona da hori".

Mendea betetzea ez dela "gauza makala" aitortzen du Altunak, eta aurten ospakizunen bat egitekoak baziren ere, datorren urtera atzeratuko dutela agertu du. "Orain ez da unea, ospatuko dugu aurrerago".