- Konfinamendu garaian Lazkaoko San Prudentzio jaiak ez ziren ospatu eta Udalak festak kalean ez baina nork bere etxeko balkoi eta leihoetan ospatzeko deia egin zuen. Hala erantzun zuten lazkaotarrek: balkoiak kolorez jan-tzi zituzten, eta askok musika ere jarri zuten itxialdia umore onarekin gainditzeko asmoarekin.

Irailarekin batera, herriko beste festa garrantzitsu batzuk ospatzen dituzte lazkaotarrek: San Migel jaiak. "Osasun Larrialdi egoeran aurkitzen gara eta zuhurtziaz jokatu eta higiene eta distantzia neurri zorrotzak bete behar ditugu. Jaiek ez dute hori berme guztiekin betetzea ahalbide-tzen", azaldu dute Udaletik. Beraz, iraileko azken asteburuan kolorez eta jendez bete behar ziren kaleak hutsik mantentzeko deia egiten dute, festarik ezean ez dagoelako ospakizunik.

Zentzu horretan, herritarrei arduraz jokatu eta elkar babesteko deia luzatzen die Udalak: "Izan gaitezen arazoaren konponbide eta ez parte. Ez diezaiogun utzi birusari gure herrian zabaltzen, eta kontrolatu ezin den egoera batera eramaten. Gure arduragabekeriak ondorio larriak izan ditzakete gugan eta inguruko pertsonengan. Izan gaitezen zentzudunak, orain arte egin eran, eta joka dezagun tentuz, beranduegi izan baino lehen".

Ez da beraz, oraingoz, data berririk izango festa hauek ospatzeko eta datorren urtera arte itxaron beharko da bai Lazkaoko herriko jaiak diren San Prudentzioak ospatzeko, eta herritarren horren kuttunak diren San Migelak ospatzeko. "Datorren urtean jaiak ospatu eta elkarrekin egon ahal izateko, inoiz baino beharrezkoagoa da neurriak errespeta-tzea", gogoratu dute Udaletik. Hala, ez da inolako ekintzarik antolatutako data zehatz horietan, eta ez da ezer ospatuko.