- Lazkaoko Udalak berraktibatze plan bat martxan jarri du herriko hirugarren sektorea indartu eta sustatzeko asmoarekin. Joan den ostegunean egin zuten osoko bilkura, eta plan honen oinarriak EAJren aldeko zazpi boto eta EH Bilduren aurkako sei boto jaso dituzte. Hala, Udalak, 490.000 euroko kreditu gehigarriak onartu ditu eta 2020 urterako onartuta zegoen aurrekontuko oinarriak ere aldatuko dira; izan ere, Foru Funtsatik %25eko murrizketa egon da eta Udalak diru gutxiago izango du.

Berraktibatze plan honek sei ildo nagusi izango ditu, sektoreka banatuta, Lazkaoko ekonomia sustatu eta garatzeko asmoz: osasun baldintza egokiak bermatzeko egin behar diren gastuak, saltokien hobariak zergetan eta udal tasetan, ostalaritzara bideratuko diren hobariak, merkatari-tzari begira egingo diren kanpainak, Goierriko Azoka proiektua eta kultur ekintzak indartzea izango da egitasmoaren azken puntua.

Lazkaoko saltoki gehienak denda txikiak dira, bi edo hiru langilekoak, eta bi hilabete luzez itxita egoteak kalte handiak eragin dizkie. Gainera, askok beraien negozioetan inbertsioak egin beharko dituzte egoerara egokitzeko eta zerbitzua segurtasunez eskaintzeko. Gastu horien kasuan, Udalak %60a bere gain hartuko du. Hala, martxoaren 13tik ekainaren 30era bitartean langileen eta bezeroen segurtasunerako osasun eta higiene neurriak bermatzeko egindako materialen erosketa eta muntaketa gastuak ordaintzen lagunduko du.

Ostalaritza eta saltokien tasa eta zergetan hobariak ere onartu dira: sei hilabeteko salbuespena izango dute zaborren kasuan, eta urte osoan zehar mahai, toldo, errotulu eta uretan (zati finkoa). Bestalde, ostalariei terrazen espazioa handitzeko aukera eman zaie, ahal duten neurrian.

Bestalde, sentsibilizazio eta bono kanpainak ere abiatuko dira. 2.000 bono jarriko dira salgai 20 euroren truke, eta Udalak beste 10 gehituko ditu; beraz, bonu bakoitzaren balioa 30 eurokoa izango da.

57 saltoki atxiki zaizkio Lazkaoko Udalak herriko bizitza komertziala suspertzeko helburuarekin bultzatutako Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? kanpainari. Pertsona bakoitzak hamar bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Udaletxean egongo dira salgai, 9.00etatik 18.00etara. Halaber, ekainean, astelehen goizero eta ostiral arratsaldetan erosi ahal izango dira, plazan horretarako prestatuko den postu batean. Ekimen honekin epe laburrera edo ertainera 150.000 euroko eragin ekonomikoa izango dute herriko komertzioetan.

Bestalde, ‘online’ salmenta bultza-tzeko proiektua lantzen ari da Udala eta kirol eta kultura indartzeko asmoa dute.