- Asier Etxenike soziologo gasteiztarrarentzat izan da Lazkaoko Gerriko Ikerlan Bekaren XIX. edizioko saria. Ostegun eguerdian egin zuten sari ematea, pandemiak aldaketak eraginda. Orain, urtebeteko epea izango du haren lana gara-tzeko.

Zortzi lan aurkeztu dira aurtengoan, eta guztiak lan "interesgarriak" direla ebatsi du Jokin Apalategi, Fito Rodriguez eta Jaione Apalategik osaturiko epaimahaiak, eta baita aho batez erabaki ere Etxenikeren lanari ematea lehen postua. Mantentze eta murgiltze ereduan aplikazioaren eragina Goierrin. Euskararen erabileraren sustapenean eta jendarte kohesioan eragina izan al dute? du izenburu haren lanak.

Iraganera joko du Etxenikek bere ikerketa egiteko. Hain zuzen, 1985etik 2000 urte arteko epean jarriko du begirada eta Goierriko hezkun-tza sisteman euskara etxetik ez zekarten ikasleak hizkuntzaz jabetzeko aplikatu izan diren programa desberdinak ikertuko ditu eta horien ondorioak zeintzuk izan diren, egon badira.

"Programa horien inguruan esaten den argumentu nagusietako bat da bazterketa bat ematen dela bereziki etxetik euskara ez daukatenen kontra, esan dezagun. Arakatu nahi dut benetan praktikan gero bazterketa hori dagoen ala ez, edo jendea nahastu egiten den euren artean, edo bazterketa beste faktore batzuek eragiten duten, eta ez hizkuntz programa horiek", zehaztu du. Finean, hamabost urte igaro ondoren ikasle horiek zein egoeratan dauden ikusi nahi du Etxenikek, haren ustez, "ikasleari jarraipena" egin behar zaiolako. D ereduaren aplikazioan murgilduko da. "Adibidez, Goierrin taldekatzeak egiten dira, herri bakoitzean desberdin. Batzuetan ez dago halakorik, beste batzuetan adinka egiten da...", adierazi du soziologoak. Horregatik, Goierri osoa hartuko du lagin gisa, herri bakoitzeko kasuak aztertuz.

Metolodogiari dagokionez, lan teorikoak errepasatzeari ekingo dio gasteiztarrak eta, ondoren, garai hartan hizkuntzarako murgiltzeen aplikazioan ibili zirenen testigantzak jasoko ditu, hala nola, irakasleak, eskola-zuzendariak eta guraso ordezkariak. "sei-zortzi elkarrizketa", gehitu du.

Ikerlan beka hau Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegiak, Lazkaoko Udalak eta Gerriko kultur elkarteak antolatzen dute elkarlanean, guztiak herri berekoak, baina proiektu honek eragiten duen oihartzunak ez du mugarik.

Euskara etxetik ez zekarten ikasleak hizkuntzaz jabetzeko aplikatu ohi diren programetan sakonduko du ikerlariak