- Pasa den asteburuan Idiazabalen ekimen berri bat hasi zuten, oinezko herritarrei lehentasuna emanez, eta, bide batez, bertako merkatariei aukera eskainiz terrazak jartzeko kalean. Horretarako, Kale Nagusiaren zati bat itxi zen, Alarma Egoeraren deseskaladaren lehen faseak ahalbidetzen dituen aukera horiek ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko.

Proba bat izan bazen ere, Oinezkoen Eguna izendatutako ekimen honen balorazio egin du Idiazabalgo Udalak astean zehar. "Ostalari eta merkatarien aldetik harrera ona izan du, eta udalaren aldetik bide itxiera berriro egitea proposatu da", nabarmendu dute. Eta errealitateari zor, hala izan zen. Herritarrak, eguraldi ona tarteko, kalera atera ziren eta beti ibilgailuek lehentasuna izaten duten gunean haiek hartu zuten lekukoa. Irudi ez-ohikoa izan bazen ere, idiazabaldarrak gustura zeuden Kale Nagusian barrena autoez arduratu gabe lasai egoteko aukera zutelako.

Gauzak horrela, ekimenak jarraitu egingo du eta ostiraletan, arratsaldeko 17.00etan hasi eta igandeko 23.00ak arte, Ubitarte etxetik Okindegi parerako ibilbidea itxita mantenduko da autoentzat. "Asteburuetako itxiera hau, tabernei ezartzen zaizkien murrizketa neurriak aldatu bitartean mantenduko da printzipioz", gaineratu dute Udaletik.

Egun arazo bat bilakatu da hainbat unetan mahai bat aurkitzea, eta horri irtenbidea emateko asmoz eta joan den asteburuan izan ziren pilaketak ekiditeko, asteburu honetarako ostalariei mahai gehiago jartzeko baimena ematea adostu dute

Bestalde, Xume tabernaren parean, atzo hasita, errail bat itxita egongo da zazpi egunetan. Pasa-tzeko lehentasuna duten autoak zein diren zehaztuko dira eta autobusaren geralekua Kale Nagusia eta Zigor auzoaren arteko bidegurutzean izango da asteburuetan.