- Gipuzkoan, proportzioan, etorkin gehien dituen herria da Ordizia. Bertako kaleetan hizkun-tza asko elkarbizi dira, aberastasun kulturalaren eredu. Eta elkar ezagutu, eta askotan izaten diren aurre juizioak albo batera uzteko ere balio du halako aniztasuna izateak herrian, pertsonengan jarriz fokua eta nondik datozen herrialdeari garrantzia kenduz.

Nahiz eta normalean, eta batez ere hasieran, bakoitzak bere jatorrizko hizkuntza mantendu, Ordiziako Udalarentzat garrantzitsua da euskara ezagutu eta mintzatzea herrian; euskal kulturaren berri izatea. Horregatik, Goierriko Goiztiri AEK euskategiaren, eta Ordiziako Udalaren Euskara Saila eta Migrazio eta Aniztasun Sailaren elkarlanari esker, hiru AISA talde sortu dira udalerrian.

Ikastaro hauek atzerritarrei zuzenduak izaten dira eta martxoan hasi eta ekainera bitarte luzatuko dira; nahiz eta orain posiblea den data horiek atzeratzea koronavirusaren hedapena gelditzeko asmoarekin. Hori denborak zehaztuko du, baina bestela, hiru talde horietatik bi goizez arituko dira eta bestea, berriz, eguerdian. Guztira, 32 ikaslek eman dute izena; eta hainbat jatorritakoak dira, hala nola, Mozambike, Nikaragua, Bolivia, Peru, Sahara, Belgika eta Mexiko. Ispilu zabala eta herrialde ezberdinetako jendeak osatzen duen puzzlea.

Ez da lehen aldia halako egitasmo bat egiten dena Ordizian, izan ere, urritik otsailera bitartean ere beste bi talde aritu dira euskarazko klaseak jasotzen AISA taldeetan. Kasu horretan 20 ikaslek eman zuten izena eta horietako bederatzik jarraituko dute orain hasi berri diren klaseetan.

Hain zuzen ere, helburua Euskal Herrira etorri berri direnek euskararen oinarrizko ezagutza lortzea da, eta euskal kulturaren berri izatea. Ezagutza prozesu horretan, kultur ekintzei indar handia ematen zaie antolatzaileen aldetik, esaterako, joan den martxoaren 9an Munduko emakumeak ipuin-kontaketa musikatuan parte hartu zuten.

Bestelako ekintza gehiago ere programatuta zituzten, baina orain martxoaren 27ra bitartean bertan behera geldituko dira ekintza horiek. Hala ere, egin nahi dituzten gauzen artean dago D´elikatuz Interpretazio Zentroaren bisita, euskal kultura eta gastronomiaren inguruko berri izan dezaten.

Antolatzaileak gustura daude ikastaroak izan duen harrera onarekin; orain hilabete batzuk abian jarritako egitasmoari jarraipena emango dio, eta gainera parte hartze kopuruak gora egin du. Honek erakusten du etorkinek badutela gogoa euskaraz ikasteko eta euskara nagusi den herrietan integratzeko. Hizkuntza, dudarik gabe, erraminta indartsua da horretarako, eta Ordizian lortzen ari da helburu horiek. Partaideak ere irribartsu agertu dira egin duten agerraldian, eta elkarren artean euskaraz oinarrizko komunikazioa erabiltzen hasi dira dagoeneko.