beasain - Aurten ere Beasaingo Udalak Emakumeen Master Cup pilota txapelketaren finalaurrekoak Beasainen jokatzea lortu du, kirolaren eta berdintasunaren artean dauden distantziak laburtzeko asmoz. Ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Leire Artola, alkateordea, Amets Arrospide berdintasun zinegotzia, eta txapelketaren antolakuntzako Iker Amarika.

Antzizar kiroldegian egingo den jaialdi honek hainbat helburu bete-tzen dituela nabarmendu du Leire Artola alkateordeak; eta, bide batez, pilota jaialdia martxoaren 8an izateak Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako egitaraua aberastuko duela ere gehitu du.

Bestetik, Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat datorrela agertu dute. "Esku pilota gure nortasunari lotutako kirola da eta era berean, Udaletik berdintasun irizpideak zorrotz jarraitzen ditugu, eta gizonezkoen pilota jaialdien antzera, emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak", azaldu dute. Hala, gizonezkoen kirola indartzeko egitasmoak aurrera eramaten diren moduan, emakumezkoekin ere gauza bera egiteko asmoa duten beasaindarrek, ibilbide luze honetan agertu duten moduan.

sarrera, doakoa Ekitaldiaren egitasmoaz gain, jaialdiaren nondik norakoak azaltzen ere izan da Amarika. Agertu duenaren arabera, Laboral Kutxa Master Cup jaialdia bere laugarren ediziora iritsi da aurten. Hona iritsita, urtarrilean hasitako eskuz binakako txapelketa honen bi finalaurrekoak jokatuko dira Beasainen. Partidak pilota mixtoarekin jokatuko dira eta eguerdiko 12.00etan hasiko dira. Lehen neurketan aurrez aurre izango dira Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai, Amaia Aldai eta Arrate Bergararen aurka.

Bigarren finalaurrekoan, berriz, Leire Garai eta Andrea Capellanek, Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendi izango dituzte aurrez aurre. Bi partiduak 22 tantora jokatuko dira eta bikote irabazleak zuzenean finalera pasako dira.

Finalaurrekoak ikusteko sarrera doakoa izango da eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko ditu bi partiduak bere lehen katetik. Udal arduradun eta antolatzaileek deialdi berezia egin dute pilota zaleak eta jendea orokorrean partiduak ikustera etorri daitezen, kirolaren eta berdintasunaren alde.