beasain - Mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarriaren erronka gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da Beasaingo Udalarentzat, izan ere, herri bizigarriago bat eraikitzeaz gain, jasangarritasunaren arloko nazioarteko helburuak ere bete nahi dira ahalik eta epe laburrenean.

Horrez gain, Beasaingo egungo mugikortasun ereduak hainbat herritarren eta, eraberean, beste horrenbeste eragileren interesa pizten du, gaurkotasunezko gaia bihurtuz biztanlegoan. Besteak beste, espazio publikoaren irisgarritasuna, desplazamenduen eraginkortasuna edota zenbait guneen arteko lotura zailtasunek kezka ere sortzen du beasaindarrengan eta gai horri aurre egiteko asmoarekin, egitasmoak sortzeko beharra ikusten du Udalak.

Testuinguru horretan, Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Mahaia bultzatzea erabaki du, hiriko mugikortasun-prozesuetan inplikatutako talde eta pertsonek parte hartuko duten aurrez aurreko topagunea izateko helburu nagusiarekin. Datozen hilabeteetan egingo diren topaketen eta saio parte-hartzaileen bidez, interesa duten pertsona guztiak gonbidatuko ditu Udalak egungo arazoak eztabaidatzeko eta elkarrekin mugikortasun jasangarriaren eredu berri baterantz ibiltzeko erronka nagusiak adostu ahal izateko.

aurkezpena Ekimen honek lehen urratsak eman nahi ditu epe ertain eta luzerako hobekuntza prozesu batean. Egitasmo hau datozen hilabeteetan zehar garatuko da, eta gutxi gorabehera ekainera arte luzatuko da. Mugikortasun Iraunkorraren Mahaiaren aurkezpena, berriz, datorren asteartean, otsailaren 18an egingo da, arratsaldeko 18.00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Herriko pertsona, elkarte, erakunde, talde politiko eta eragileen arteko lehen topaketa bat izango da eta honek prozesuan zeintzuk parte hartuko duten eta helburuak zein izango diren argi-tzeko balioko du; zehazki ibilaldi kritiko bat egingo da egun egon daitezkeen mugikortasun arazoak antzematen eta eztabaidatzen hasteko.

Beasaingo Mugikortasun Jasangarrirako Mahaiaren helburu nagusia gaur egun dauden arazoen eta hobetzeko aukeren oinarrizko irizpideak lortzea izango da, Mugikortasun Plan jasangarri bat idazteko balioko dutenak, udalerria herritarren beharretara egokituko duten ekintzak edo esku-hartzeak jasoko dituena. Hain zuzen ere, herritarrek zuzenean helarazi ahalko dituzte mugikortasunaren inguruan dituzten zalantzak, proposamenak eta kexak, eta horiek jaso ostean lanean hasi ahalko dira, identifikatutako puntuen gainean.

Topaketetan parte hartzeko prozesuak Beasaingo herrian mugikortasuna hobetzeko proiektuak txertatuko ditu. Horretarako, bilkurak, tailerrak, ibilaldiak eta mugikortasun-eredu berri bat elkarrekin pentsatzeko jarduerak egingo dituzte. "Mugikortasun osasun-tsuago eta seguruago batek guztion inplikazioa behar du, beraz, gaian interesa edo ardura duen herritar oro parte ha-tzera gonbidatua dago", jakinarazi dute Udaletik. Adin tarte desberdinetakoek parte hartuko dute, eta sareetan ere presentzia izango da; #Beasain #mugilasai traolen bidez prozesua jarrai-tzeko aukera izango da eta mugilasai@beasain.eus helbide elektronikoa ere jarriko da postontzi digital gisa, edozein zalantza edo ekarpen egiteko.