ordizia - Ordiziako Ortzadar argazki elkarteak antolatzen du Nikolas Lekuona lehiaketa, eta jakinarazi dutenez, paperean aurkezten diren lanak bakarrik onartuko dituzte. Aldiz, gaia librea izango da eta lanak txuri-beltzean edo koloretan aurkeztu ahalko dituzte argazkilariek. Urtez urte asko izaten dira errepikatzen dutenak, baina edizio bakoitzera aurkezten diren lanak originalak izan beharko dute eta bakoitzak, gehienez ere, lau argazki aurkeztu ahalko ditu.

Interesa duen orok badu oraindik ere denbora tarte zabala zein argazki nahi duen atera pentsatu, irudia atera eta aurkezteko, izan ere, apirilaren 9a bitartean egongo da zabalik. Pparte hartzea estatu osora zabaltzen da.

Formatuari erreparatuz, tamaina librea ahalbidetzen da, baina 40x50ko passe-partoutean muntatuak izan behar dira, eta ez dute gainditu beharko 3mm-ko lodiera. Era berean, lan aukeratuekin argitaratzen duten katalogorako aukeratzen bada, derrigorrezkoa izango da 300ppp-ko erresoluzioan eta zm-tan neurri bera duen artxibo digitala bidaltzea. Hala ere, halako kasua gertatuko balitz Ortzadarreko kideek argazkilariari beharrezko azalpenak emango dizkio beharraren arabera.

Epaimahaia Ortzadar Argazki Elkarteak berak izendatuko du eta argazkigintzan esperientzia dutenek osatuko dute. Talde horren erabakia, berriz, apirilaren 25ean, larunbata jakinaraziko da eta paia publikoa izango da; Ordiziako Barrena kultur etxeko Ortzadarren lokalean emango da irabazleen berri. Lehen postua eskuratzen duenak urrezko domina eta 300 euroko saria jasoko du; bigarrenak zilarrezkoa eta 200 euro, eta hirugarrenak brontzezkoa eta 100 euro. Sei ohorezko aipamen egingo dira, eta ordiziar onenaren lanak 100 euroko saria izango du.

Sari banaketa egun batzuk atzeratuko da: maiatzaren 29an, arratsaldeko 19.00etan egingo da. Lanen hautaketa horren lagin bat Barrena Kultur Etxean egongo da ikusgai maia-tzaren 29etik ekainaren 12ra arte, arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara.

Parte hartu nahi duenak lanak hona bidali behar ditu; posta bidez, Asociación fotográfica Ortzadar, apartado de correos 79, 20240, Ordizia (Gipuzkoa), edo eskura, Barrena Kultur etxean utziz. - M.A.