- Eskualdeko “gurasoei seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez, hizkuntzaren transmisioan eragiteko” helburuarekin, Euskarazko Produktuen katalogoaren edizio berria kaleratu eta banatu dute beren herriko ikastetxeetan Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Debako Udalek.

Urte garai honetan euskarazko liburuak, jolasak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak… Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.

Proiektuarekin bat egin duten Debabarreneko lau Udalek beren herrietako ikasleren artean banatu duten argitalpenean dozenaka produkturen erreferentziak agertzen dira. Hala ere, herritar guztiek katalogoa.eus web gunea bisita dezakete eta bertan “16 urte bitarteko haur eta gazteentzako aproposak diren ia 11.000 euskarazko produktu aurkitu ahal izango dituzte”.

Euskarazko Produktuen Katalogoa zabaltzearekin batera, Soraluzeko Udalak argitalpen horretan jasotzen diren produktuak %30eko deskontuarekin erosteko aukera eman die herritarrei. Deskontu hori urtarrilaren 9a bitartean egingo da Arcelus, Estankoa eta Iratxo dendetan. Udalak jakinarazi duenez, %30eko deskontua izateko “beharrezkoa da katalogoarekin batera banatu den deskontu-txartela aurkeztea”. Katalogorik jaso ez duenak Udaleko Harrera Bulegoan eska ditzake deskontu-txartelak.