- Bost urteko ibibidearen ondoren, Elgoibarko bertso-eskola ekimena bertan behera geratu zen, 2016/2017 ikasturterako haur gutxik eman zuelako izena. Elkarteak bertso-eskolari jarraipena emateko ahaleginak egin zituen hurrengo urteetan baina helburu hori lortzea ezinezkoa suertatu zitzaion, gutxi izan zirelako interesa agertu zuten umeak.

Bestalde, Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen martxan 2004. urtean, beti ere, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan.

Ordutik herriko bi ikastetxeetako LH4 eta LH5 mailetako 250 ikasle inguru aritzen dira ikasturte bakoi-tzean bertsogintza lantzen eskoletan, eta horri jarraipena eman nahian, biziberritu nahi izan du Udalak bertso-eskola.

Lau urteko etenaldiaren ondoren, Elgoibarko Udalak urrian berreskuratu zuen bertso-eskola, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean eta 8 eta 12 urte bitarteko hamaika ikasleren (sei neska eta bost mutil) partaidetzarekin. Hauek astean behin biltzen dira ordubetez Aita Agirre kulturgune berrian, Eneko Beretxinaga irakasle soraluzetarraren aginduetara.

Beretxinagak bertsoarekin duen harremana transmisioarekin lotuta egon da, bereziki, bertso-eskoletan, aisialdian eta hezkuntza arautuan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakaslea baita.

Udaletik jakinarazi dutenez "Eneko bera da Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ematen dituen irakaslea eta 263 ikasle ditu bere ardurapean".

Edonola ere, behin bertso-eskola berreskuratuta, Udalaren erronka ekimena "egonkortzea eta sendotzea" izango da: "sortu berri den taldea itxita dago jada baina aurrerago sor daitezkeen taldeetan izena emateko interesa duenak bere datuak eman ditzake Udalaren Euskara sailean, 943 744 366 telefono zenbakira deituz edota euskara@elgoibar.eus helbidera idatziz", azaldu dute.