Mendaro - Udalak 91.777 euro bideratu ditu "Azpilgoeta kaletik zein plaza gaineko gunetik Zelaikua plazara eta inguruko etxebizitzetara doan eta irisgarria den ibilbide berria egiteko".

Oraindik zoladura auzotarrek aukeratutako kolorearekin margotzea falta bada ere, Mendaroko Udalak amaitzear du Zelaikua plazaraino doan bidea irisgarria egiteko azken hilabeteotan gauzatu duen proiektua.

Udaletik azaldu dutenez, gauzatutako proiektuak bi helburu nagusi izan ditu: Alde batetik, "araudiak irisgarritasun alorrean jartzen dituen baldintzak betetzea". Eta bestetik, "behe-solairuetan dauden etxebizi-tzen intimitatea zaintzea". Azken helburu hori lortzeko "ibilbide berria fatxadara gehiegi hurbildu gabe eta atarietarako sarrerak lehengo an-tzera mantenduta egin nahi izan da".

Obra, hormigoi armatuarekin egin da: "Zati batzuk zubi gisa eraiki dira eta beste zati batzuk lur gainean egindako zoluen bidez".

Araudia betetzeko, ibilbide berrian egokitutako aldapen maldak %10 eta %8koak dira; zabalera orokorra 1,8 metrokoa eta gutxienekoa 1,2 metrokoa dituztelarik. Bestalde, aldapek osatutako ibilbidea burdinezko baranda eta eskudelekin osatu da "eta alboetako altuera arriskutsuetan barandak eta gainontzeko lekuetan eskudelak jarri dira".

Obra hasi ondoren, auzotarrek Udalean akaberak aldatzeko eskaera bat egin zuten eta herritarrekin egindako bilera baten ostean, Udalak erreferendun bat antolatu zuen emaitza loteslearekin. Horren ondorioz, aukeran emandako koloreen artean gustokoena suertatu zen lur-kolore batean ibilbide berriko zoruak margotzeko lanak onartuta daude eta "hormigoiak hezetasun maila egokia duenean egingo dira".

Zelaikua plazako obra eginda, Udalak Azpilgoetako irisgarritasuna hobetzeari ekingo dio aurten, dagoeneko onartuta dagoen proiektua 282.504 euroko aurrekontuarekin burutzeko. Lan horiek Azpilgoeta kaleko 2.570 metro karratuko eremuan egingo dira (proiektua jendaurrean dago egun) eta obra burutu ondoren oinezkoek ibilbide irisgarri eta erosoa izango dute. Proiektua diseinatzerakoan Udalak garrantzia eman nahi izan dio Azpilgoeta erdiguneko plazari, "autoentzako dauden aparkalekuak mantenduz".

Proiektuan jasotakoari eutsiz, "erabilgarri ez diren espaloi estuak, gune aldapatsuegiak eta koxka ugariak kenduko dira", beti ere, "irisgarritasun alorrean araudiak jartzen dituen baldintzak betez".