- Arratsalde osoko omenaldi-egitaraua izango da datorren larunbatean, Joxan Artze euskal idazle usurbildarra hil zeneko laugarren urteurrenean, Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuta.

Izan ere, Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren poemak bildu eta antologia osatu du. Enborretik izenburuko lana usurbildarren aurrean aurkeztuko dute 18.00etan Mikel Laboa plazan (eguraldi txarrarekin, Sutegin). Sarrera doakoa da, baina edukiera 93 lagunentzat mugatua dagoenez, gonbidapena eskuratu behar da https://usurbilkultura.eus/ helbide elektronikoan.

Ondoren, 19.00etan, Oskarbi taldearen kontzertua izango da Sutegiko erakustaretoan. Ez dok Amairuren ernamuinak Artzeren idatzi asko musikatu zituen. Kantu horiekin zein euren ibilbideko eta azken diskoko sorkuntzekin osatuko du Oskarbi taldeak emanaldia. Sarrera doakoa da ere, eta aurreko ekintzan bezala, edukiera mugatua denez, gonbidapena eskuratu beharko da Internet bidez.

Udaletik azpimarratu dutenez, ekitaldi bakoitzak bere izen-emate propioa du.

Joxan Artze Usurbilen 1939ko apirilaren 6an jaio zen. Harakin moduan lan egin ondoren, 1966an Euskal Kantagintza Berria mugimenduaren baitan Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondorekin batera, besteak beste. Bere anaia Jesus Marirekin txalaparta jo zuen.

1969an, Ez Dok Amairu taldeko hainbat kiderekin Baga, Biga, Higa sentikaria prestatu zuen. Euskal kanta berriaren mugimenduaren hasierako helburuak zabaldu zituen ikuskizunak, euskal kultura berreskuratu eta berritzeko bidean.

1974. urtean Ez Dok Amairu banandu eta berehala, Mikel Laboarekin, taldeko hainbat kiderekin eta bere anaiarekin musika, dantza eta poesia batzen zituen Ikimilikiliklik saioa prestatu zuen.

Artze Usurbilen 2018ko urtarrilaren 12an zendu zen 78 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Bere hiletan, Salbatore elizako paretetan bere poemak proiektatu zituzten.