Matia Fundazioak zerbitzu berri bat prestatzen ari da Usurbilgo Kalezarko zaintzadun auzune berrian: bizi osorako alojamenduak. Horiek egin ahal izateko Portalmusubera (A96) eta Komentua (A97) eremuen hirigintza eraikigarritasuna handitzeko arau subsidiarioen aldaketa eskatu zuen Matiak, eta azkeneko osoko bilkuran onartu berri dute, hasieraz eta aho batez, udal teknikarien aldeko txostenak jasota. Eraikitzen ari diren auzunearen hasierako proiektuan aurreikusi gabeko zerbitzua da, eta horregatik egin zuen eskaera Matiak.

Handitu nahi den eremuari hainbat erabilera eman nahi dizkiote. Batetik, bizi osorako alojamenduak egingo dituzte. Oraindik ez dago proiekturik, baina sei etxebizitza egitea aurreikusi dute. Etxebizitza mota horiek bizikidetza unitateentzat dira, menpekotasunen bat duen pertsona eta bere zaintzailea bizitzera joateko; zentroan bertan eraikiko direnez, bertako zerbitzuak baliatzeko aukera izango dute. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zuenez, ez dago halakorik inon: baliabide berri bat da.

Horrez gain, sei etxeetatik bi zuzenean usurbildarrentzat izateko bidea egiten ari da Udala Matiarekin eta Aldundiarekin. "Matiak arauen aldaketarako aurkeztu duen dokumentuan horretarako konpromisoa hartu du. Beraz, onuradun nagusiak usurbildarrak izango dira", adierazi zuen alkateak.

Bestetik, erabilera anitzeko gune bat sortuko dute. Hain justu, hirigintza eraikigarritasunari dagokion %15 kontzeptupean jasoko du Udalak areto hori, 226 metro koadroko lokala: "Aurrerantzean, Udalak areto edo gela handi bat izango du han, eta ikusi beharko da zertarako erabiliko dugun", esan zuen alkateak.

Azkenik, zortzi aparkaleku sor-tzeko aukera dute. Beraz, kanpoko aparkalekuan egoitzaren erabilerarako erreserbatzekoak ziren zortzi plaza erabilera publikorako eduki-tzea suposatuko du horrek.

Zehazki, jada eraikitako bolumenaren barruan beste 1.700 metro karratu baliatzeko eskaera egin zuen Matiak. "Gaur egungo bolumena ez da handituko. Horren barruan bazeuden erabiliko ez ziren espazioak, zentroak agortu egin duelako baimendutako eraikigarritasuna eta, beraz, espazio horiek erabili ahal izateko eskatu dute eraikigarritasuna handitzeko baimena", adierazi zuen alkateak

Solaberrietak gogora ekarri zuenez, zaintza-ekosistema berri bat eraikitzeko parte-hartze prozesua egiten ari da Udala: "Zaintza ereduaren gaineko eztabaida bizi-bizirik dago, eta pertsona ardatz duen arreta eredu berri baten norabidean, behar berriak azaleratu eta zerbi-tzu berriak ari dira diseinatzen".

Izan ere, Usurbilgo prozesutik zein bestelako gogoeta gune batzuetatik gizarte behar berriak eratortzen ari dira, eta horiei Kalezarren eraiki-tzen ari diren auzunetik erantzun dakiekeela uste da.