- Hernanin kulturartekotasuna sustatzeko lanean ari diren eragileek (Udala eta AMHER elkartea) eskuartean dituzten zenbait egitasmo eta helburu aurkeztu dituzte. Horien artean, Hernaniko Udalak migratzeko eskubidea oinarri hartuta, herritar berriei harrera egiteko ahalik eta baliabide duin eta osoenak eskaintzeko konpromisoa berretsi du. Horren adibide dira onartu berri duen Harrera Plana, honekin lotuta sortuko den Harrera Integralerako Bulegoa; AMHER-SOS Arrazakeriarekin duen hitzarmena; edota Kulturartekotasuna sustatzeko eta arrazakeriaren kontrako espazioak sortzea, Kulturarteko Plaza Feministaren kasuan.

"Uste dugu kulturartekotasunaren aldeko lana estuki lotua dagoela jendartean zein erakundeetan dagoen arrazakeria sistematikoaren aurka egin beharreko bidearekin, eta horretarako sentsibilizazioak gakoetako bat izaten jarraitzen du. Horregatik, Hernanin, hainbat ekimen antolatu ditugu AMHER-SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, bai migratzeko eskubideaz, bai arrazakeriaz", azaldu zuen Itsaso Lekuona zinegotziak.

Honela, gaur Juanmi Gutiérrezen Paseko Txoriak dokumentala botako dute Kulturarteko Plaza Feministan 18.00etan. Dokumentala euskaraz da, baina gaztelaniazko azpitituluak jarriko dira.

Gainera, gaur ere, 19.45ean Zinkoeneatik abiatuta Karabeleko zubira, martxa bat antolatu dute migrazio bidean izandako hilketak salatzeko.

Bestalde, gazteriari begira, Fahim filma botako dute ostiralean 17.00etan gaztelekuan.

Horrez gain, Emakumea, migrantea eta bizilagun izenburuko erakusketa ikusgai dago Kulturarteko Plaza Feministan.

Hernani Club Rugby Elkarteak ere parte hartuko du egitarau honetan eta Jostailu bat, sarrera bat ekimena jarri du abian AMHER elkartearen laguntzarekin jostailuak biltzeko. Ekimena Landaren burutuko dute hilaren 18ra arte. Informazio gehiago behar duenak www.hernanirugby.eus webgunean aurkituko du.

Amaitzeko, Lekuona zinegotziak adierazi zuenez, "errealitate gordin honen aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu, etxe atarian, gure herriko mugetan, zehazki Irun-Hendaia mugan, jada zazpi lagun hil direlako, muga pasatzeko ahaleginean". "Erakundeok badugu konpromiso eta egitekorik harrera politika duinak eta integralak garatzeko, eta horretarako guztien arteko koordinazioa eta konpromisoa ezinbestekoak dira", erantsi zuen Kulturartekotasun arloko arduradunak.