Datorren asteburuan, urriaren 22 eta 23an, Herri Burujabetza jardunaldiak antolatu ditu Iturolan Hernani Burujabe herri-proiektuak. Energian, zaintzan, elikaduran, monetan, telekomunikazioan, kulturan, etxebizitzan, basogintzan... burujabetzak landuko dituzte zenbait hitzalditan

Hernani Burujabe herri-proiektuan, Hernaniko herritarrak, ehun ekonomikoa eta Udala elkarrekin lanean ari dira bizitzan beharrezkoak ditugun arlo nagusietan subiranotasunerantz joan ahal izateko.

Egitarauari hasiera ostiralean 18.30ean mahai-inguru batekin emango zaio. Menpekotasuna vs. Burujabetasuna izenburupean, Gorka Martija, Observatorio de Multinacionales en América Latina (OMAL) eta Amaia Pérez de Orozko, ekonomia feministan aditua, izango dira hizlariak.

Larunbatean, Hernani Burujabe proiektuak lantzen ari den arlo desberdinen zein erronka dituzten aalduko dituzte hainbat aurkezpenetan. Honela, jardunaldi honen hasiera ekitaldia 9.45ean izango da.

10.00etatik 10.50era energia, zain-tza eta elikadura taldeek emandako aurrepausoak azalduko dituzte. Ondoren, 11.00etatik 11.50era, moneta, telekomunikazio eta basogintza taldeen txanda izango da. Azkenik, kultura eta etxebizitza eta gogoetarako tartea izango dira.

Udaletik gogorazi dutenez, "erronka globalen testuinguruan, Hernanitik, herritarron beharrei herri gisa erantzuteko abiatzen den prozesua dugu Hernani Burujabe". "Lurraldeko agente ekonomiko-sozialak, herri mugimenduko eragileak eta herritarrak, norbanako nahiz era kolektiboan, egitasmo ezberdinen sustatzaile izan gaitezen bultzatuko duen proiektua da", gaineratu dute.

"Arnas luzeko herri proiektu batean parte hartuz, herri gisa burujabetza, justizia soziala eta ongizate handiagoa eskuratzeko asmoz, jendarte feminista, ekologista eta ez-arrazista erdiesteko or-tzimuga" bilatzen dutela azpimarratu dute.