- Berdintasunerako eta zeharkako gaietarako teknikari bat ahalik eta azkarren kontratatzeko konpromezua adierazi zuen Urnietako Udalak azkeneko osoko bilkuran. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek aho batez onartu zuten horretarako aurretik eman beharreko pausoetako bat, erakundeko lanpostuen zerrendaren aldaketa, hain zuzen.

Gai zerrendako gainerako puntuak ere adostasun osoz atera ziren aurrera. Esaterako, Martxoaren 8ari (Emakumeen Nazioarteko Eguna) buruzko erakunde adierazpen proposamena.

Gainera, Langardako batzorde berezia eratzea erabaki zen eremuko urbanizazio arazoei irtenbide bat ematen saiatzeko. Mikel Pagola izango da batzordeko lehendakaria Udaleko hiru alderdien ordezkaritzarekin. Hasiera batean bi hilabetean behin elkartzeko konpromezua hartu da.