'Dagaz' ekimenera batu da Hernani

05.03.2021 | 00:48
'Dagaz' proiektuaren aurkezpena Hernaniko Biteri kultur etxean. Argazkia: N.G.

Hernani – Dagazen xedea dantza garaikidearen praktika sustatu eta talde amateurren sare bat sortzea da. Dantzaz konpainiak bultzatuta, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako zenbait udalerritan zabaltzen ari da ekimena eta Hernanik ere parte hartuko du, Udalaren eta Chillida Leku museoaren bidez. Izan ere, Dagazek bi eszenatoki nagusi izango ditu Hernanin: Biteri kultur etxea eta Chillida Leku museoa. Bihar abiatuko da esperientzia Hernanin, Elene Carreto dantzariaren eskutik.

Bi modu daude sarean parte har-tzeko, norberak nahi duen inplikazio mailaren arabera. Lehen aukera da dantza saioetako ikusle berezia izatea, norberaren udalerriko eta Dagaz sareko beste udalerri batzuetako dantza emanaldietara joatea, sortzaileekin denbora partekatzea, hitz egitea, iruzkinak egitea...

Publiko berezia izateko, programazioa laster eskuragarri izango da. Ekimen honen prezioa emanaldiaren araberakoa izango dela azadu dute arduradunek.

Bigarren aukera da, ikusle izateaz gain, noizean behin dantza egiteko aukera ere izatea. Aukera honen barruan, maiztasun desberdinak daude: noizean behin edo asteroko saioetan parte hartzea. Saio horiek herriko koreografoek zuzenduko dituzte eta, batzuetan, kanpotik etorriko diren koreografo gonbidatuek.

Honenbestez, asteroko saioak antolatuko dira martxotik ekainera, Elene Carretorekin eta Euskal Herriko beste koreografoekin. Saioak larunbatetan izango dira 11.00etatik 12.30era. Prezioa 30 euro dira, pertsonako hiruhilekoan. Aforoa mugatua da eta zerrendak izen-emate ordenaren arabera egingo dira. Itxaron zerrenda bat irekiko da, plazak libre geratuko balira.

Bestalde, noizbehinkako saioak ere egongo dira udaberriko hiru hilabeteetan. Prezioa zortzi eurokoa izango da pertsonako, saio bakoitzeko. Programazioa laster eskuragarri egongo da.

Ekitaldi eta ekimen guzti hauetan izena emateko edo interesa adierazteko dagaz@dantzaz.eus helbidearekin harremanetan jarri behar da.

Aurkezpenean, Elene Carreto dan-tzariak ekimen honetan "adin eta mota guztietako zaleek, estilo eta sentsibilitate desberdinek lekua izango dutela eta bakoitzak bere ekarpena egin ahalko duela", adierazi zuen.

Bestalde, Hernaniko Kultura zinegotziak, Koro Etxeberriak, eta Chillida Lekuko arduradunek, Mireia Massaguék eta Nausica Sánchezek, herrian dantzarako zaletasun handia dagoela eta museoak dantzarekin duen harreman estua azpimarratu zituzten.

Gipuzkoan, Hernanirekin batera, Gipuzkoako Dantzagunea, Zumaia eta Lezo ere batu dira ekimenera.

noticias de noticiasdegipuzkoa