Iaz pandemiarengatik bertan behera gelditu zen Denak ez ziren indiano ikuskizuna berreskuratuko du itartean folk musika talde hernaniarrak Hernaniko Biteri kultur etxean. Saioa 19.00etan hasiko da eta dagoeneko salgai daude sarrerak 7,5 euroren truke Biterin eta online udaletxeko orrialdean.

Proiektu honetan herriko Ttarla dantza taldeak parte hartzen du ere. “Izar Aizpururen gidaritzapean egin duten lanak oso emaitza polita izan du eta ilusio handiz jaso ditugu beraiek landutako koreografiak”, azpimarratu zuen Bitartean taldeak.

Martxoaren 4ko emanaldiaren aurrerapen gisa, taldeko sare sozialetan publiko egin da udan Bira Produkziokoekin grabatutako bideoklipa. “Hernaniko Buxkando baserrian grabatua dago. Baserri hau 1913koa da, eta bertan bizi den Felipe Aranbururi eskertu behar diogu gure kantua han grabatzen utzi izana”, goraipatu zuten.

Bestalde, asteburuan egindako agerraldian, Bitartean taldeak Kreole, bere bigarren diskoa, aurkezteko ere baliatu zuten. Hamahiru kantez osatua dago.

“Lan berri hau XIX. mendean Euskal Herrian izandako migrazio mugimenduaren isla da. Bateko goseteek eta besteko gerrak, egun gertatzen den bezala, hainbat euskaldunek haien etxeak utzi eta atzerrira joan behar izatea ekarri zuten”, azaldu zuten taldekideek. “Guk horietako pertsona batengan pentsatu eta hark Argentinara egindako bide hori kontatu nahi izan dugu”, gaineratu zuten.

Goraipatzekoa da Kreole proiektua herriko eragile eta hainbat artistekin aurrera ateratako lana izan dela. Hasteko, grabazioak Pello Gorrotxategiren Aieka Estudioan egin dira. Ilustrazioak, berriz, Ainara Azpiazu Axpi artistak eginak dira, eta Bideoklipa Hernaniko Bira produkzioak grabatu zuen.

Bitartean taldeak eskerrak eman zizkien bere proiektuetan parte har-tzeko baikor agertu diren talde eta norbanakoei, baita Hernaniko Udalari eta Kultur zinegotzi eta teknikariari urte zail honetan beti lagun-tzeko prest egon direlako.