- Azken hilabeteetan hainbat herritarrek igorritako salaketez hitz egin zuten udal Gobernuko ordezkariek Barredorekin izandako bileran: salaketa horien aurrean Eusko Jaurlaritzak zein neurri hartuko dituen galdetu zioten.

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Joxe Mari Iribar Ingurumen zinegotziak ingurumen gaiak izan dituzte ardatz azken egunetako bi bileratan. Batetik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredorekin bildu ziren astelehenean, eta, bestetik, Jose Maria Ucin SA enpresarekin, joan den ostiralean.

Biak ere helburu batekin egin dituzte: herriko airearen kalitatearen neurketei jarraipenari eustea eta hobetzea, udalerriko lantegiekin eman beharreko aurrerapausoak zehaztuz, eskumenak dituzten erakundeei dagokien erantzukizuna eskatuz.

Berriki Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratu berrian ezarritako emisio mugen eta horien kontrola hobetzeko neurrien inguruan ere hitz egin zuten, elkarlana eta dagokien erantzukizunari heltzea eska-tzeko. Jaurlaritzako ordezkariek, euren aldetik, hitz egindako gaien inguruan erantzuteko konpromisoa hartu dute.

Bestalde, herritarrek igorritako salaketez gain, hondakinen kudeaketaz eta saneamenduaz jardun zuten Eusko Jaurlaritzarekin.

Aire kalitatearen jarraipenaren haritik, iaz hasi zen Udala UPCrekin elkarlanean, Kataluniako UPC unibertsitatearekin. Hain zuzen ere, Udala UPCrekin lantzen ari den udalerriko aire kalitatearen modelizazio lanak egiteko beharrezko duen informazioa lehenbailehen igor-tzeko ere eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Herriko emisio-foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak. Hain justu, herriko aktibitate potentzialki kutsakorrenen azken urteetako emisioen neurketen datuak eskatu dizkiote Jaurlaritzari, modelizazioa egiteko ezinbestekoak baitira.

2017an Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak beste bilera bat izan zuten ke-isurketen inguruan hitz egiteko. Izan ere, udaletxetik azaldu zutenez, Udalak oso eskumen txikia du eta Jaurlaritzaren interbentzioa behar da.

Azkenik, Jose Maria Ucin SA enpresarekin egindako bileran ere herritarrek egindako salaketak eta kezkak zuzenean adierazi zizkieten. Egindako obren inguruan eta aurrez Udalak ezarritako baldintzez ere hitz egin zuten, aurrera begirako pausoak zehazteaz gain.