- Zenbait egokitzapen egin berri dituzte Usurbilgo kiroldegian, zirkulazioa erraztu eta jende pilaketak saihesteko. Izan ere, helduen zein haurren igeriketa ikastaroak gaur jarriko dira martxan, eta erabiltzaile gehiago izango direnez, jende pilaketak gertatzea saihestu nahi dute.

Batetik, zirkulazio marka berriak jarri dituzte, eta, bestetik, txandak egokitu dituzte. Neurri guztien berri mezu elektroniko bidez emango zaie erabiltzaileei datozen egunetan.

Kiroldegiko erabiltzaileak hiru taldetan banatzen dira: igerilekuetakoak, ikastaroetakoak eta gimnasiokoak. Horietako bakoitzak kolore bat du, eta aldagela eta komun bereiziak izango dituzte. Hala, talde bakoitza modu independentean ibiltzea izan dute helburu. Kartelak berritu eta koloretako markak jarri dituzte lurrean, bakoitzak nondik joan behar duen eta zein espazio erabil ditzakeen jakin dezan. Talde bakoitzak erabil ditzakeen aldagelak eta komunak ere dagokion kolorea duen kartelekin adierazi dira.