- Gaurtik aurrera eskatu ahal izango dira Usurbilgo udaletxean ostalaritzaren sektoreari bideratutako dirulaguntza bereziak. Hamar eguneko epea izango dute eskaerak aurkezteko, asteburuak kontuan izan gabe. Lehengo astean argitaratu zituzten oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Herriko taberna, kafetegi eta ostatuen establezimenduei begira sortutako urgentziazko deialdia da, beren jarduera geldituta edo fakturazioa %75ean murriztua izan badute osasun krisiak sortutako neurrien ondorioz. Eskaerak telematikoki egitea gomendatzen da, udal-erregistrora idatzita (erregistroa@usurbil.eus); udaletxean bertan ere egin daiteke, aurrez zita hartuta, beti ere.

Laguntza hori ematea bateraezina izango da bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bitartekoekin, gastu kontzeptu bereko finantzaketa pribaturako emanak badira.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztiaren zehaztapenak eta eskabide orria Udalaren webgunean eskuratu daitezke (usurbil.eus). Eskatzen den informazioaren artean, banku datuak edo banku agiri baliokidea eta finantza memoria bat aurkitzen dira, besteak beste.

Udaletik gogora ekarri dutenez, hain justu, Usurbilgo Udala tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbi-tzuak biziberritzeko plana bukatzear zela sortu zen osasun krisia. "Horren aurreko testuingurua ez zen erraza haientzat, mundu globalizatu eta digitalizatuan saltoki handietan eta Internet bidez egindako erosketek ohiko merkataritzaren joko arauak aldatu baitzituen", azaldu dute eta osasun krisiak, zentzu horretan, areagotu egin ditu lehendik bizirauteko zituzten zailtasunak.

Hala, sektore horren, Udalaren eta herritarren lankidetza sustatzeko herri mailako kanpaina bat jarri du abian, herriko establezimenduetan kontsumitzeko bonu sistema bat sortuta eta hori diruz lagunduz, herritarrentzako pizgarri gisa. Aldiz, ostalaritzaren sektorean bonu horien erabilera mugatua izan daitekeela aurreikusita, dirulaguntza zuzenak atera ditu Udalak.

Izan bonuekin, izan dirulaguntza zuzenekin, Usurbilgo Udalak 400 eurorekin lagunduko ditu establezimendu guztiak.