- Usurbilgo Udaletik jakitera eman dutenez, Whatsapp eta Instagram sare sozialak baliatu dituzte gaztelekuko hezitzaileek zerbi-tzua bizirik mantentzeko. Bi aste daramatzate, dagoeneko, hala lan egiten. Konfinamendua dela eta, nor bere etxetik lagunekin eta hezitzaileekin harremanetan jartzeko modua egin dute, baita astez asteko proposamen bat ere.

Hala, fisikoki ez bada ere, guztien arteko harremanari eutsiko diote, eta konfinamendua arindu, hitzordu bakoitzean ariketa desberdinak eginez.

Astelehen, ostegun eta larunbatetan emango du zerbitzua gaztelekuak, eta horrela antolatu dituzte edukiak: astelehenetan, osasuna, egunerokotasuna eta eskulanak (16.30-18.00: Ze esatek! Ze esaten! eta 18.00-19.30: Zuk zeuk egin!); ostegunetan, harremanak, sare sozialak eta sukaldaritza (16.30-18.00: Harremanak saretzen eta 18.00-19.30: Gosearen jolasak); eta larunbatetan, sormena, jolasak eta fono-bideo-liburu-jolasteka (16.00-17.30: Kin kan kun eta 17.30-19.00: 40aldiaren kutxa).

Proposamenak gazteen ekarpenekin indartu eta aberastu nahi dituzte hezitzaileek. Horrez gain, taldetan banatuta, proiektu txikiak egin nahi dituzte; esaterako, bideoak grabatu. Gainera, lanegunetan bideo-dei, audio edo Whatsapp bidez komunikatzeko aukera eskainiko dute hezitzaileek.

Azkenik, Usurbilgo gaztelekuko arduradunek nabarmendu dutenez, orain arteko helburu eta ildo estrategikoei eutsiko diete, gaztelekua eta hezitzaileak gazteentzako eskuragarri egonez eta beraien garapenean bidelagun izaten jarraituz. "Gazteek, euren etxeen isolamendutik, berdinen arteko harreman mundua sareetara mugatua ikusi dute, eta eguneroko ohituretan aldaketak nabaritu dituzte", esan dute.