- Irungo Udalaren hamabostgarren Serapio Mujika bekari esker argitaratu du Mikel Alberdi irundarrak Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) liburua. Argitalpenaren aurkezpena aste honetan burutu da udaletxean, eta bertan Alberdi autorea, Monica Martinez zonegotzia eta Sagrario Arrizabalaga udal Artxiboaren arduraduna egon ziren.

Alberdik zioenez, ikerketa hau burutu ahal izatea "sekulako aukera" izan da berarentzat. "Urbetez Irungo Artxiboan eta beste batzuetan, Hondarribikoan eta Gipuzkoakoan esaterako, azken Karlistaldiaren gaia jorratzea sekulako pribilegio bat izan zen", adierazi zuen autoreak.

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoko Ikerketa eta Dokumentazio Sailaren arduraduna da Alberdi 1989tik; beraz, karlisten gaia autore irundarraren espezialitateetako bat da. Berak azaldu zuenez, horregatik eta aurrez Irungo Artxiboak argitaratutako lanak gutxigorabehera denboraldi horretan bukatzen zirelako hautatu zuen Alberdik 1868 eta 1876 urteen artean begirada jartzea.

"Irun urte horietan bizitzen ari zen gorakada erabat moztu zuen hamarkada bat da, gerra zibil batengatik, aldaketa askoko denboraldia", nabarmendu zuen irundarrak. Liburuak bi zati nagusi dituela argitu zuen Alberdik: "Lehenengoa kontakizun historikoa da, eta atzekaldean katalogo ikonografiko antzeko bat landu dut; hau da, urte hauetan argitaratutako Irungo irudiak edo bestela urte hauei buruzko irudiak". Katakogoa "ahalik eta osatuena" izatea saiatu dela adierazi zuen Alberdik. Irudiez gain, bost argazki ere aurki daitezke liburuan, 1873 eta 1874 urteetakoak, Irungo Artxiboak dituen zaharrenetakoak.

Bestalde, Arrizabalagak gogorarazi zuenez, liburua Serapio Mujika bekaren 2017ko dealdiaren emaitza da. "Tamalez, azken bi urteetan ezin izan dugu beka antolatu bi arrazoiengatik: batetik, Ikust-Alaiako eraikinaren obrengatik (han baitago kokatuta Irungo Artxiboa), eta bestetik, beka deitzea oraindik gehiago zailtu zen pandemiarengatik, ikerlarien presentzialtasuna ezinbestekoa baita honelako lanetan", zioen artxibozainak.

Hala ere, Artxiboaren asmoa Serapio Mujika beka datorren urtean berreskuratzea dela iragarri zuen Arrizabalagak, normaltasuna itzultzen bada.

Liburua salgai dago paperezko formatuan, 20 eurotan, Irungo Artxiboan eta Biztanlearen Arreta Zerbitzuan. "Gainera, gure hiru azken argitalpenetan egin dugun bezala, formatu digitalean argitaratzeko prozesua martxan dago, Interneten bidez %40aren deskontu esangutatsu batekin saltzeko intentzioarekin", amaitu zuen Arrizabalagak.