- COVID-19ari aurre egiteko ezarri diren neurriak bete ez izanagatik 241 espediente ireki ditu Hondarribiko Udaltzaingoak urtea hasi zenetik. Hala jakitera eman zuten atzo Juan Mari Altuna Hiri Segurtasun zinegotziak eta Patxi Aristzabal udaltzain buruak, hirian osasun neurriak urratzeagatik jarri diren espedienteen xehetasunak emateko eskaini zuten prentsaurrekoan.

Altunak nabarmendu zuenez, pandemia egoerak asko areagotu du Udaltzaingoaren eguneroko lana: “24 ordu eta eta 365 egun daude kalean, eta emaitzak ikusi egiten dira”. Momentu hauetan, laguntzaileen eta udaltzainen artean, Hondarribian 43 agente lanean daudela gogorarazi zuen zinegotziak eta hauek egiten duten lana publikoki eskertu zuen.

Espedienteen datuei dagokionez, pasa den astean, otsailaren 8tik 14ra, 166 ireki zirela jakinarazi zuen Altunak; otsailaren lehenengo bi asteak kontuan hartuz, ordea, kopurua 166koa da. Bestalde, Aristizabalek azaldu zuenez, urtarrilean 75 espediente ireki ziren.

Salaketen sailkapena aztertuz, udalerriko edo autonomia-erkidegoko irteera eta sarreren agindua ez errespetatzeak 94 espedienteen irekiera suposatu du urtea hasi zenetik Hondarribian. Ildo berean, musukoa derrigor erabiltzeko araua ez errespetatzeagatik 26 salaketa jarri dira; gehienez lau laguneko taldeen mugak ez betetzeagatik, 15; etxeratze agindua urratzeagatik, hamahiru; eta bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik, zazpi. Azken zortzi espedienteak beste kasu batzuengatik ireki dira.

Zifra hauek aditzera eman ondoren, Altunak Udalak “hiritar gehienek oso jarrera egokia dutela eta arauak errespetatzen dituztela” badakiela azpimarratu zuen. “Halere, ez da beti horrela, eta Udaltzaingoaren lana arauak betearaztea”, gehitu zuen zinegotziak.

Amitzeko, Altunak agente zibikoen lana gogora ekarri nahi izan zuen; izan ere, Hondarribiko Udaltzaingoan an lan egiten duten 43 udaltzain eta laguntzaileez gain, bost agente zibiko daude ere. Zinegotziaren hitzetan, agente hauek ”kon-tzientziazio lan ona egiten ari dira eta esan egin behar da”.