Hondarribia - Hondarribiko Emeki elkarteak bere kezka adierazi zuen atzo "berdintasun politika eraginkorrak garatu ahal izateko Udalak bere gain dituen neurri, baliabide eta pertsona eskasengatik". Gaur udalbatzaren Osoko Bilkurara eramango den Berdintasun Planaren harira, Udalean Berdintasun departamentu sortzearen garrantzia eta arlo horretan teknikari bat izatearen beharra "uneoro defendatu" dutela zioten elkartetik. Bestalde, indarkeria matxistako kasuen aurrean hirian koordinazio-protokolo baten falta izatea salatzen zuten Emekiko kideek. "Era berean, ulertezina iruditzen zaigu Gizarte Zerbitzuetako arloari Planaren garapena egotzi izana, lanez gainezka dagoen arloa delako", gehitu zuten elkartetik, eskari hauek "udaletxeek bete beharrekoak" direla gogoraraziz.