Euskal Sagardoa Jatorri Deitura zabaltzeko bidean da Kontseilu Arautzailea eta zein pauso jarraitu erabakitzeko elkarlanean proiektu bat dago martxan Euroeskualdearen laguntzarekin: Malus Bat. Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldeko eragileak ari dira lan horretan eta hiru gai nagusitan banatu dira gaiak, proiektu estrategikoak aurkitu eta nola betetzen joan erabakitzeko: sagarra, sagardoa eta sagardotegia. Guztira 40 bat lagunek hartu dute parte orain arteko bileretan eta zeharka beste hainbeste ere badira, gai jakinetan beren iritzia eta ikuspuntua ematen ari direnak. Sektoreko kideak, teknikariak eta erakunde desberdinetako eragileak ari dira parte hartzen eta dagoneko bilera asko egin dira. Sagarra, sagardoa eta sagardotegia dira aztertuko diren 3 gaiak eta lotura zuzena badute ere, bloke desberdinetan ari dira lantzen. Ekaina bukaerarako bilerak bukatuta egotea espero da eta orduan aurkeztuko dira proiektu eta ondorio nagusiak.
Gaur gaurkoz, sagarra eta sagardoaren inguruko bilerak egin dira eta egunotan hastekoak dira sagardotegi edo upategiari dagozkion bilerak.
Sagarra
Euskal Sagardoaren proiektu guztiaren oinarria da eta indarrik gehien eskatzen duena. Sagardo sagarrean ehundaka urtean egindako lanak egokitzapena behar du eta gaur egungo beharretara egokitzeko bitartekoak. Gaur egun, bertako 106 sagar mota ditu onartuak Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta etorkizunean 250 sagar motara iritsi liteke, Nafarroa eta Iparralderaren sarrerarekin. Hau da bertako sagardo sektorearen benetako altxorra, baina etorkizunean hala izatea nahi bada, zaindu eta landu beharko dena.
Gaur gaurkoz, sagar behar handia da Euskal Herriko sagardotegietan, gaur egungo produkzio osoa bertako sagarrez egiteko helburua betetzeko. Gainera, sagarrak badu bi urtean behin gehiago ekoizteko joera bat eta horrek uzten arteko orekarik eza dakar, sagar beharrak areagotuz.
Egoera horrek zehaztuta hainbat proiektu jarri dira mahai gainean, datozen urteetan aurrera eraman beharrakoak. Horietako batzuk hauek dira oinarrian: sagar moten ezagutza analitiko eta agronomikoak handiagotzeko proeiktuak; txertaka mota desberdinak eta sagasti eredu desberdinen diseinua; uztak hobeak eta orekatuagoak lortzeko proiektuak; interpolinizazioa sagar moten artean; sagar bilketa sagasti desberdinetan; eta mekanizazio aukera desberdinak.
Sagardoa
Euskal Sagardoak bertako sagarrez egindako sagardoak biltzen ditu. Sagardogintza dibertsifikatu eta behar den posizionamendua izatea da helburua eta azken urteetan egindako bideari jarraikortasuna eman nahi zaio. Usadio handiko produktu batek gaur egungo gizartean duen lekua eta aukerak landu nahi dira eta horren baitan hainbat proiektu zehazten joan dira, gaur egungo egoera eta beharrak aztertuta: dibertsifikazioa bultzatzeko proiektuak; merkatu desberdinak eta egoki merkaturatzeko beharrak; eta Jatorri Deituraren araudi eta estruktura berriak, besteak beste.
Sagardotegia
Datozen egunetan hasiko dira sagardotegi edo sagardo upategien inguruko egoera aztertu eta proiektu estrategikoak zehazteko bilerak. Euskal Herrian izaera desberdinetako sagardotegiak daude eta horiek balorean jarri eta zer behar dituzten ikustea izango da bidea, proiektuak identifikatzeko.
Jatorri Deiturak erraminta bat dira, bertakoaren eta kalitatearen alde lan egin ahal izateko, eta erraminta horrek bere potentzial guztia landu ahal izateko, ibilbide bat zehaztea da Malus Bat proiektuaren helburua, elkarlanean.