Síguenos en redes sociales:

Usurbilek pediatra postua berehala betetzeko eskatu du

Urtarrilaren 12az geroztik, haurrak Lasarte-Oriako anbulatoriora joan behar dute

Usurbilek pediatra postua berehala betetzeko eskatu duRubén Plaza

Usurbilgo Udalak pediatra postua luze gabe betetzeko eskatu dio Osakidetzari,urtarrilaren 12az geroztik Usurbilgo anbulatorioan pediatrarik ez dagoelako. Egoerak herritarren artean sortu duen ezinegona eta haserrea Donostialdeko ESIari helarazi dizkio eta erabaki sendo eta eraginkorrak eskatu dizkio lanpostua berehala betetzeko.

Udalak Donostialdeko ESIko Lehen Arretako arduradunarekin jarri da harremanetan, egoeraren larritasuna azaltzeko eta herritarren kezkei babes instituzionala emateko. Elkarrizketaren ondoren, egoeraren zailtasuna nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Haren esanetan, arduradunak baieztatu zion une honetan ez dagoela ordezkorik: “Behin-behinean ekarritako azken pediatra euskaldunak beste eskualde batean lortu du plaza, eta hara joan da. Ordutik, ordezkapenik gabe gaude”. 

Bilera eta gutuna

Gainera, azaldu ziotenez, lan-poltsan ez dago profesionalik, eta Donostialdean ez dute Usurbilerako baliabiderik. Hori dela eta, egoeraren berri Osakidetzako zuzendaritza orokorrari eman diote, organo horri baitagokio, Solaberrietaren hitzetan, “Usurbilgo lanpostua betetzeko behar diren baliabideak bideratzea”.

Testuinguru horretan, alkateak gutuna bidali dio Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaori, egoera zehatz-mehatz azalduz. Gutunean, Udalaren eta herritarren haserrea eta nekea adierazi ditu, eta azpimarratu du Usurbilek pediatra lanpostu egonkorra behar duela, osasuna oinarrizko eskubidea delako eta egoera “gehiegi luzatzen” ari delako. 

Alkatearen esanetan, “Usurbilen bizi duguna Osakidetzak egun duen arazo estrukturalaren ondorio da, eta ez dira erabaki sendo eta eraginkorrak hartzen ari”.

Bestalde, Solaberrietak gogorarazi zion Lehen Arretako arduradunari, bileran, egoeraren berri ematea Osakidetzaren ardura dela, aurrez ere horretarako konpromisoa hartu bazuten ere, ez baitute hitza bete.

Ez da arazo berria

Izan ere, pediatria zerbitzuaren ezegonkortasuna ez da berria Usurbilen. Iazko apiriletik irailera bitartean ere pediatrarik gabe egon zen herria, eta horren ondorioz, herritar talde batek pediatria kontsulta duina eskatzeko mozioa aurkeztu zuen iraileko osoko bilkuran. 

Mozio hura onartu egin zuen Udalbatzak, eta konpromisoa hartu zuen, besteak beste, Donostialdeko ESIari exijitzeko Usurbilgo Osasun Zentroan herriko haur eta familien beharrak %100ean beteko zituen pediatria zerbitzu egonkorra bermatzeko.

Mozioa onartu ostean, lanpostua bete zen aldi batez: hasieran bi pediatraren jardunak uztartuta, eta ondoren pediatra bakar batekin, ohiko lanaldian. Hala ere, azken horrek beste eskualde batean plaza lortu du, eta ordutik aurrera berriz ere pediatrarik gabe geratu da Usurbilgo anbulatorioa.

Lanpostua bete arte herritarrek aukera bakarra dute: haurrak Lasarte-Oriako anbulatoriora eramatea. Horrez gain, astean behin Lasarte-Oriako pediatra bat Usurbilera joaten da ume txikien osasun-azterketak egitera. Hala ere, alkatearen arabera, irtenbide hori ere behin-behinekoa da: “Ez dakite zenbat iraungo duen, eta Lasarte-Oriatik ere kexak daudela esan digute”.