Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da datorren astean. Hori dela eta, azaroaren 30ean amaituko den egitaraua prestatu du Lezoko Mugimendu Feministak, Lezoko Udalaren laguntzarekin.
Egitarauak izaera anitzeko ekimen ugari jasotzen ditu. Ekimen horiek herritarren kontzientziazioa areagotzeko eta elkartasun sareak indartzeko helburua dute, eta herritar guztientzat dira. Hortaz, lezoar guztiak parte hartzera eta aldarriekin bat egitera gonbidatu ditu antolakuntzak.
Azpimarratu dutenez, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna hausnarketarako, elkarlanerako eta kontzientziaziorako eguna izateaz gain, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako egun garrantzitsua da. Azaroaren 25ak emakumeenganako indarkeria agerian jarri eta egungo gizartearen lehen mailako arazoa dela ikusarazten du.
Egitaraua
Hortaz, azaroaren 25ean ekitaldi nagusia izango da eta jarraian kantujira antolatu dute herrian zehar. 19.00etan hasiko da Karlos Saldise plazan.
Hilaren 26an Indarkeria matxista eta ezgaitasuna hitzaldia eskainiko du Rosa Ugaldek, Elkartuko adituak, 18.00etan Kultur Aretoan.
Azaroaren 27an, Beatriz Egizabal aktorearen Gregoria bakarrizketa ikusteko aukera izango da Gezala Auditoriumean, 19.30ean. “Umorerik falta ez zaion hausnarketarako ikuskizuna” dela adierazi dute antolakuntzatik.
Azkenik, azaroaren 30ean Norbere mundu intimo ikuskizuna izango da Gezala Auditoriumean, Mirari Martiarena eta Ane Labakaren eskutik. Bakarrizketa eta bertsoak uztartzen dituen emanaldia da.
Horrez gain, azaroaren 24tik 30era bitarte merkataritza establezimenduen ateetan zapata gorriak uzteko gonbidapena egin dute antolatzaileek.
Beraz, egitarau oparoa izango da aurtengoa. Hori dela eta, Lezoko Udaleko Berdintasun Sailak eskerrak eman nahi dizkie aldarrikapen egunera atxikitako eragile guztiei eta parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritar zein eragile oro.
Indarkeria matxistari buruzko txostena
Bestalde, berriki 2024ko indarkeria matxistari buruzko txostena aurkeztu du Lezoko Udalak. Urtero osatzen duen txostena da, herriko datuak aztertzeko. Iazko datuen arabera, ondorio nabarmenena azken urteetan indarkeria matxista kasuek gora egin dutela da. Izan ere, 2024an pandemia ostean eman ziren datuak parekatu dira.
Ertzaintza, Osakidetza eta Udal Zerbitzuen datuen arabera, guztira, 38 laguntza eskaera erregistratu ziren 2024an, 2023an baino hamar gehiago eta 2021ean emandako laguntza eskaera kopuru berbera eman da 2024an.
Konkretuki, 2024an, hamaika kasu artatu zituzten Lezoko Udal Zerbitzuetan eta horietatik zortzik salaketa jarri zuten. Hamaika kasu horien artean, zortzi erasotzaile Euskal Herrian edo espainiar estatuan jaiotakoak ziren.
“Indarkeria matxistarena egiturazko izaeradun eta lehen mailako arazoa dela berresten da. Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz eta gizonen mende bizi behar dutelako ideietan oinarritutako sistemaren ondorio dira”, aipatu zuen alkateak, Mikel Arrutik, txostenaren aurkezpenean