Aretxabaletako Udalak zahartze prozesuei ikuspegi integratu, prebentibo eta komunitariotik heltzeko erronka bere gain hartu du. Horretarako, egungo zaintza ekosistemen testuinguruan, herriko esperientzia diseinatzen hasi zen, zaintzaren afera erakundeen ardura dela ahaztu gabe, komunitatearen konpromisoa eta herritarren parte-hartzea oinarri izango dituen eredua eraikitzeko asmoz.
Ongizate zinegotzi Nerea Zubillagak azaldu duenez, “demografia eta gizarte antolaketak aldatu dira eta egungo egoeran, gizartearen erronka nagusietakoa da zaintza. Hori dela eta, beharrezkoa da beste era batera antolatzea, eredu publiko-komunitario baten bidez, adibidez”.
Zaintza ekosistemaren lehen urratsak
Proiektuaren gidaritza, udal gizarte-zerbitzuetatik egiten da profesional talde guztiaren inplikazioarekin, baina erreferentziazko gizarte langilea izango du proiektuak eta bereziki, lan komunitarioaz arduratuko da.
Antziñe Mendiak, zaintza arloko gizarte langileak azaldu duenez, “urte asko eman ditut mendekotasun larria duten pertsonekin lanean; orain, zaurgarritasun eta bakardade egoerak aurrez ekiditeko lan komunitario sendoa eraikitzea da nire eginkizuna”.
Lehenengo urratsa izan zen zaintzaren diagnosia egitea: herrian bizi diren adinekoen egoerak ezagutzea eta bakardadean dauden pertsonen beharrak jasotzea. “Aretxabaletan 70 urtetik gorako 289 pertsona bizi dira bakarrik: 77 gizon eta 212 emakume. Datu horiek oinarri hartuta, adinekoen profilak aztertzen ari gara eta haien ahotsa entzun nahi dugu, etorkizuneko zerbitzuak haien beharretara egokitzeko”.
Honetaz gain, POBA esperientzia soziosanitarioa ere ekosistema honen baitako urratsa garrantzitsua izatea espero da. Barne lan handia suposatzen duen esperientzia da, herriko osasun zentroa eta udal gizarte-zerbitzuen artean egiten ari dena. Datozen aste eta hilabeteetan jakitera emango dira esperientzia honen nondik norakoak, baina herritarrengan, bereziki adinekoengan, eragin zuzena eta oso positiboa izatea espero da.
Gainera, Debagoiena ehunduz, bakardadearen gaia lantzen duen proiektua ere abiatu da, bailarako gainerako herri guztiekin batera eta honen helburua, gurean jendea bakarrik ez sentitzea izango da, ehundura komunitarioa eta lotura afektibo eta erlazionalak landuz. Horretarako, bakardade egoerak lehen pertsonan ezagutzeko pausuak eman dira eta kasu honetan ere, datozen hileetan ekintzak abiatuko dira herrietan.
Hitzaldi zikloa zaintzaren inguruan
Ekosistemaren garapenarekin batera, Udalak hitzaldi eta hausnarketa saio sorta antolatu du, herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza sustatzeko helburuarekin. Hitzaldi guztiak Karmele Igartua aretoan, 18.00etan izango dira, eta behar denean bat-bateko itzulpen-zerbitzua eskainiko da.
-Azaroak 18. ‘Pentsatu, hausnartu...’. Teresa Conde eta Karmele Uribarri (gazteleraz).
-Abenduak 2. ‘Soledades: Conocerlas para actuar’. Andre Pozo ikertzailea (gazteleraz).
-Abenduak 9. ‘Gabonak eta dolu prozesua’. Eider Otsoa psikologoa (euskaraz, itzulpenarekin).
-Abenduak 16. ‘Adinekoentzako elikadura osasungarria’. Garazi Abasolo nutrizionista (euskaraz, itzulpenarekin).
Hiru zutabe nagusi
Udala garatzen ari den eredua hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: Prebentzio-sarea eta komunitatearen inplikazioa. Herritarren arteko elkarrekintza sustatuko da, zahartze aktiboa bultza-tzeko eta isolamendua saihesteko. Erakundeen ardura dela argi izanez, komunitatearen konpromisoa funtsezkoa izango da, herriko eragile eta norbanakoen arteko dinamika berriak sortuz. Besteak beste, datorren urtera begira, jantoki zerbitzua martxan jarriko da, bazkal orduko momentua elkarrekintza sustatzeko espazio bilakatuz eta isolamendua ekiditeko aprobetxatuz.
Eguneko arreta zerbitzua eta esku-hartzeetan klabe prebentiboa indartzea. Zahartze prozesuan gertuko laguntza eta akonpainamendu pertsonalizatua bermatzea da helburua, zaurgarritasunetik mendekotasunera igarotzean pertsonen ongizatea lehenetsiz. Hemen kokatuko genuke ASE (autonomia sustatzeko espazioa) eta baita POBA (arreta soziosanitariorako proiektua) ere.
Zaintzaileen zaintza. Udalak zaintzaileen lana duintzeko eta balioan jartzeko neurriak hartuko ditu: formakuntza, aholkularitza eta laguntza programak, lan-baldintza duinak eta ongizatea sustatzeko ekimenak barne. Ildo honetan kokatuko genuke etxez etxeko arreta zerbitzuko langileekin sinatutako hitzarmen berria edo ALE Aretxabaletako Lanbide Eskolakoekin abiatuko diren lankidetzak.
Nerea Zubillagaren hitzetan, “zaintza gure gizartearen muinean dago, eta gure erantzukizuna da zaintzaileen zaintza ere zaintzea, bestela ezingo dugu zaintza duina ez jaso ezta eskaini ere. Orain arte, zaintza emakumeen gain egon den gizarteko afera izan da eta, egun, emakumeen gain egoteaz aparte, emakume migranteen gain ere badago, honek areagotu duen prekarietatearekin. Erronka zaila den arren, horretan ere zentratu nahi dugu, denon ardura baita zaintzaileen duintasuna bermatzea”.
Komentua, zaintzarako eta elkarrekintzarako espazio
Udalak herritarrentzat elkarrekintzarako eta komunitate bizitzaren sustapenerako gune bihurtu du komentua zeneko eraikina. Eraikinak aukera ugari ematen ditu: Karmele Igartua aretoa, Uretz taberna, Autonomia Sustatzeko Espazioa, Basotxo elkarteko bulegoa, kanpo espazio zabala...
Bertan, zerbitzuak eskaintzeaz gain, hainbat ekintza sustatzen hasiak dira, betiere zaintza ekosistemen baitan kokatzen den esperientzia hau elikatzeko asmoz.
Talde motorra eta herritarren parte-hartzea
Proiektuaren bihotzean talde motorra egongo da, herriko talde, elkarte eta herritarrek osatua. Horien lana izango da ekarpenak biltzea, konpromiso-ituna lantzea eta zaintzaren inguruko sentsibilizazioa sustatzea. Erakundeok ezin dugu bakarrik egin; herritarren parte-hartzea eta inplikazioa izango dira proiektuaren gakoa eta hori lantzen ari gara orain. Nagusien mahaia eta zaintza mahaia osatzea ere helburuak dira, bertan landu eta entzun ahal izateko, lehen pertsonan proiekturako ezinbestekoak diren ekarpen, kezka eta abarrak.
Etorkizuna begi-bistan
Aretxabaletako Udalak argi dauka bidea: prebentzioan eta komunitatean oinarritutako zain-tza eredua eraikitzea, dependentzia egoerak eta narriadura fisiko, kognitibo eta erlazionalak ahalik eta gehien atzeratu eta lausotzeko. “Zahartzea ez da arazo bat, aukera sozial eta komunitario bat baizik”, ondorioztatu du Mendiak. Eredu berri horretan, herritar bakoitzak bere lekua izatea da helburua, elkar zaintzaren kultura indartzeko helburu partekatuarekin.