Urretxuko organoaren 135. urteurrena ospatuko dute
Kontzertuan hiru organistak, soprano batek eta parrokiako abesbatzak parte hartuko dute
Ostiralean Urretxuko San Martin de Tours parrokiako organoaren 135. urteurrena ospatuko dute, kontzertu batekin. Hiru organistak, soprano batek eta Urretxuko parrokiako abesbatzak parte hartuko dute. Kontzertua 19.00etan hasiko da eta sarrera doan izango da.
Kontzertuan parte hartuko duten hiru organistak Ximun Sorzabalbere, Gerardo Rifon eta Oier Gaston dira. Sorzabalbere Hondarribiko parrokiako organista da, Rifon Donostiako Gros auzoko San Ignacio parrokiakoa eta Gaston Urretxuko parrokiakoa. Beraiekin batera, Juncal Baroja Donostiako Orfeoiko sopranoa eta Urretxuko parrokiako abesbatza arituko dira.
Aurten 135 urte bete dituen organoa Roques anaiek egin zuten, 1890ean. Gastonek organo ederra dela dio. “Organo erromantikoa da. Garai hartako guztiak bezala, mekanikoa zen. Teklatu bakarra zuen. 1962an Amezuak handitu egin zuen. Beste teklatu bat gehitu zion, erregistroak banatu zituen, tutu gehiago jarri zizkion… Baina jatorrizko tutuak eta kaxa mantendu zituzten. Oso organo ona da. Txikia da, baina aukera handiak ematen ditu eta oso soinu ona du”.
Hala, Urretxuko parrokiak organoaren urteurrena ospatzea merezi duela erabaki du. “San Martin de Tours parrokiako akustika oso ona da, egurrezko bobedei esker, besteak beste. Hori dela eta, kontzertua antolatzea erabaki dugu”, azaldu du Iban Munilla herriko parrokoak. “Kanta ezagunak joko ditugu”, gehitu du organista gazteak.
Organo asko ez dira askotan erabiltzen eta pena da. “18 urteko mutil batek, Oierrek, organoa jotzeko ilusioa izatea pozgarria da. Ez da batere ohikoa. Oierrek, mezetan jotzeaz gain, Urretxuko parrokiako organoa ikasteko erabiltzen du. Hala, organoari probetxua ateratzen diogu”, esan du apaizak.
Urretxuko organoa egoera onean dago, mantenu lanak egin direlako eta erabili delako. “Abandonatzen badira, galdu egiten dira. Organoak ez dira asko erabiltzeagatik hondatzen, ez erabiltzeagatik baizik. Zenbat eta gehiago erabili, hobe. Gipuzkoako herri txiki askotan organo zoragarriak dituzte, baina egoera txarrean daude. Egunero lau orduz erabiltzen diren Donostiako elizetako organoak, berriz, egoera ezin hobean daude”, azaldu du Gastonek.
Oso gazte gutxi dira, ordea, organoa jotzen dutenak. “Ez zaie erakargarria iruditzen. Organoak elizetan daude, ez musika eskoletan, eta hala nahiko ezezagunak eta gutxietsiak dira”. Gastoni, ordea, umetatik gustatzen zaio organoa eta instrumentu horren inguruko ikasketak egiten ari da Donostiako kontserbatorioan. Bera da organoa ikasten ari den bakarra.
Ostiralekoa ez da asteburu honetan Urretxuko parrokian egingo den kontzertu bakarra. Igandean Udazkeneko Musika Zikloko azken kontzertua izango da, 19.00etan. Donostiako Iesu koruak abestuko du. Abesbatza horretan Agurtzane eta Joaquin Albisua anai-arreba urretxuarrek abesten dute.
Iesu abesbatza 2013an sortu zen, Donostiako Erribera auzoko Iesu parrokian. 2019ko irailaz geroztik Marina Lertxundi zarauztarra da zuzendaria. Errepertorio koral sakratu eta profano zabala dute. Urretxun Ana Belen Garcia pianista andoaindarrak lagunduta abestuko dute.