Usurbilgo Udalak jakitera eman duenez, abuztuaren 27an kiroldegiko saunan sortutako suteak 641.000 euroko kalteak eragin ditu. Hauei aurre egiteko urriko osoko bilkuran kreditu aldaketa bat onartu zuten, aho batez. Aseguru etxearen erabakia jaso aurretik, Udalak bere ekimenez hasiko ditu obrak ahalik eta azkarren zerbitzua irekitzeko. Prozedura azkartzeko eginahalak eginda ere, “ondo bidean”, 2026ko udazkenean berrezarri ahal izango da kiroldegiko eskaintza, bere osotasunean. Sutea gertatu zenetik, igerilekua eta sauna itxita daude.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eman zituen gaiaren inguruko azalpenak osoko bilkuran. Haren esanetan, igerilekua eta sauna irekitzea urgentziazkoa da udal Gobernuarentzat, eta epeak mozteko modua Udalak bere ekimenez jardutea da.
Aseguruaren erantzunik ez, oraingoz
Horretarako, ordea, gaitasun ekonomikoa eduki behar da, eta kasu honetan hala dela nabarmendu zuen: “Udalak diruzaintza gerakinari esker egingo ditu obrak, bestelako inbertsioei kalterik egin gabe eta aseguru etxeak zer nolako balorazioa egingo duen jakin gabe”.
Solaberrietak azaldu zuenez, Udalak berehala eman zion partea aseguru etxeari, baina oraingoz ez du erantzunik jaso. Diru kopuru handia tarteko, aseguru kontuetan aditua den abokatu bat kontratatu du Udalak. Haren esanetan, aseguru etxeek ohikoa dute komunikazio ofizial eza.
Edozein kasutan, behartuta dago partea jaso eta gehienez ere hiru hilabeteko epean erantzutera, beraz, azaro amaierarako informazio hori eskura izatea espero da; hala egingo ez balu, behartuta legoke Udalari kalte ordainak ematera.
Guztira, 664.000 euroko partida bat gorde du Udalak kiroldegiko obrak egiteko. Kalteen azken balorazioa, Udalak urri amaieran jaso duena, 641.000 eurokoa izan da; jada gastatu diren 33.000 euroak aintzat hartuta (hasierako garbiketa, ingeniariaren kontratazioa...) egin da kreditu aldaketa, beraz.
Osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketa GAOn argitaratu eta jendaurrean jarri behar da. Alegaziorik ez bada, abendu erdialderako egon daiteke partida erabilgarri, eta ordurako espero du Udalak obren exekuzio proiektua ere.
“Lizitazioan bizpahiru hilabete joango zaizkigu, eta obra egiteko beste lau hilabete beharko direla kalkulatzen dugu: beraz, ondo bidean, ea datorren urteko udazkenean gai garen igerilekua irekitzeko”, azpimarratu zuen alkateak.
EAJren eskakizuna
EAJ/PNV udal taldeak osoko bilkuran kiroldegiko bazkideek eta igerileku eta saunako erabiltzaile direnek kuotaren itzulketa edo egokitzapen proportzionala eskatzeko aukera izan dezatela proposatu zuen, kalteturiko instalazioek zerbitzurik gabe zenbat denboraz jarraituko duten kontuan hartuta.
EAJ/PNVk eskatu zuen Udalak neurri justuak eta proportzionalak har ditzala, zerbitzu horiek erabili eta baliatu ezin dituzten bazkideek beren harpidetzen kobrantzan kalterik jasan ez dezaten. Proposamenak zehazki eskatzen du egokitzapena 2025eko kuotan egitea.
Neurria alkateak begi onez ikusi zuen. Beharrezkoa izango da interesdunek eskaera espresuki egitea, abonuetan dagokion itzulketa edo doikuntza tramitatu ahal izateko.