Udako oporren ostean ohiko jardunera bueltatuta, Azpeitiko Udalak gaur, asteartea, egingo du iraileko osoko bilkura. Saioa 19.00etan izango da, udaletxeko areto nagusian, ohiko moduan.
Kreditu aldaketa
Bilerako gai nagusien artean, aurtengo aurrekontuaren hirugarren kreditu aldaketa onartzea nabarmendu dute.
Uztailaren 23an emandako ebazpenaren berri emango dute, eta horren inguruko erabakia izango da eztabaidagai nagusia.
Ziklo indoor aretoa
Horrez gain, hainbat administrazio gai landuko dituzte. Besteak beste, ekainaren 3an, uztailaren 1ean eta uztailaren 15ean egindako aktak onartzea aurreikusten da.
Udal igerilekuko ziklo indoor aretoa berritzeko asmoz, hainbat bizikleta errentamendu-erregimenean (renting) kontratatzeko espedientea onartuko dute, eta horri lotutako esleipen prozedurari hasiera emango diote prozedura irekiaren bidez.
Galdera eta erreguak
Azkenik, alkatetzak ekainean eta uztailean emandako ebazpenen berri emango du, eta ohiko moduan, galdera eta erreguen txanda izango da saioari amaiera emateko.