Urtero lez, Urnietan gizarte, kultura, kirol eta osasun arloko ikastaroen eskaintza zabala izango dute herritarrek eta 2025-2026 ikasturtea hainbat berritasunekin dator; Sukaldaritza, Hip-Hop eta Jazz Dance ikastaroak eskainiko baitira, besteak beste.

Launa ikastaro eskainiko dituzte Saroben eta Lekaio kultur etxean, beraz guztira zortzi egongo dira aukeran.

Ikastaro batean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute irailaren 4etik 15ra, bai Saroben eta Lekaion bertan, bai Bertan herritarren arretarako bulegoan.

Ikastaro guztiak

Lekaio kultur etxean lau aukeren artean hautatu ahal izango da: Joskintza (heldu eta gazteak) josteko makina erabiltzen ikasteko; Marrazketa eta Pintura (heldu, gazte eta haurrak); Zur taila (heldu eta gazteak) eta Bakarrik sukaldean (heldu eta gazteak) pertsona bakarrarentzat kozinatzea erraza, aberatsa eta motibagarria izan daitekeela ikasiko da.

Gainera, Sarobe arte eszenikoen guneak bere aldetik, beste lau ikastaro eskainiko ditu: Funky (haurrak eta helduak), Yoga (heldu eta gazteak), Hip-Hop (heldu eta gazteak) eta Jazz Dance (heldu eta gazteak).

Informazio zehatzagoa udal webgunean deskargatu daitekeen liburuxkan aurki daiteke.