Gaur, osteguna, ospatuko da Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia. Hiru talde arituko dira Maalako oholtza gainean: Serbiako KUD Branko Cvetkovic, Senegalgo Jammu Ballet eta etxeko Haritz Dantza Taldea.
Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta dantza eta musika tradizionalak izango dira protagonista beste behin
Serbia
Serbiako KUD Branko Cvetkovic taldeak 1945ean hasi zuen bere Ibilbidea. Marinelek eta tren-langileek, eratu zuten eta gaur egun oraindik herrialdeko tren konpainiaren babespean dago taldea.
400 kide baino gehiagorekin, Serbiako folklorea eta ohiturak erakutsiko dituzte, mundu osoan 7.000 emanaldi baino gehiago eskaini ondoren.
Senegal
Senegalgo Jammu Ballet taldeak, berriz, Afrikako bihotzera eramango du ikuslea.
Dakarren sortu zuten 2008an, eta etnia desberdinetako musikari eta dantzariek indar handiko mugimenduak eta akrobaziak uztartzen dituzte, Mbalax erritmoaren eta Sabar danborren soinuen laguntzaz. Dantza tradizionalak ez ezik, dantza garaikideko koreografiak ere dantzatzen dituzte.
Haritz E.D.T.
Amaitzeko, Haritz Dantza Taldeak euskal dantzak ekarriko ditu.
Lehen zatian, San Blaseko soka-dantza eskainiko du, eta bigarrenean Otsagabiako dantzak: Pasacalles, Jota, Modorro eta beste hainbat, giro herrikoia taularatuz.