Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua Zumarragan izan zen asteazkenean. Itxasok eta Mikel Serrano alkateak Forjas fabrika zaharra eraisteko obra bisitatu zuten. Bertan, alokairuko etxebizitza babestuak eraikiko dira. 44, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak hiru proiektu ditu Zumarragan: Eitzaga Berriko (Antzina hiribideko) 108 etxebizitzak, Faustino Orbegozo geriatrikoa zegoen tokian egingo dituen 24ak eta Forjasen egingo dituen 44ak.

Geriatriko zaharrean egingo dituztenak errenta txikia dutenentzat izango dira. Soldataren %30 ordainduko dute gehienez alokairuaren truke. Logela bakarreko 20 etxebizitza eta bi logelako lau eraikiko dira, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua. Sotoan 24 garaje egingo dira eta beheko solairuan Zumarragako Udalaren esku utziko den 475 metroko lokala. Helburua gazteen emantzipazioa ahalbidetzea da. Bost urte biziko dira bertan, gehienez.

Obra datorren urtean hasiko da eta 22 hilabete iraungo du. Aurrekontua ia 5 milioi eurokoa da. Gainera, ingurua urbanizatuko da eta irisgarritasuna hobetuko da (beste 1,2 milioi euro). Udalak lursaila utzi dio Jaurlaritzari. 

Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak alokairuko 44 etxebizitza egingo ditu Forjasen (Kalebarrenen). Eraikun-tza lana 2027an hasiko da eta aurrekontua 8 milioi euro ingurukoa izango da.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak alokairuko 108 etxebizitza egin ditu Eitzaga Berrin (Antzina hiribidearen amaieran). Giltzak urrian emango dizkiete maizterrei. Aurrekontua ia 15 milioi eurokoa izan da eta ia 5 milioi euro Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik lortu dira. Eraikinak Pedro Apaolaza y Asociados eta DG Arquitectura enpresek diseinatu dituzte eta obra Sukiak egin du.

108 etxebizitzak hiru bloketan banatuta daude. Bakoitzak 36 etxebizitza ditu. Etxebizitza horietako 95 bi logelakoak dira eta gainerakoak hiru logelakoak. 

Egongela, sukaldea, bainugela eta balkoi handia dute, baita lurpeko garajea ere. Bost etxebizitza mugikortasun urriko pertsonei egokituak daude. 

Gainera, eraikinak guztiz irisgarriak dira eta kalifikazio energetikorik handiena dute. Aluminiozko fatxada aireztatua dute eta estalkian eguzki plakak jarri dituzte. Maizterrek ur beroaren %60 plaken eskutik lortuko dute eta, beraz, dirua aurreztuko dute. Aireztatze sistema ere badute. Horri esker, aire garbia izango dute.

Asteazkeneko bisitaren ondoren, Zumarragako alkateak eskerrak eman zizkion Itxasori, bere sailak 176 etxebizitza egingo dituelako herrian. “Sailburuaren bisita eskertu nahi dut. Zumarragako egitasmo hauek instituzioen arteko elkarlanaren erakusle bikainak dira. Helburua etxebizitza beharrari erantzutea eta gazteei Zumarragan bizitzea ahalbidetzea da”, esan zuen alkateak.

Itxasok Zumarragako egitasmoen garrantzia azpimarratu zuen. “Eusko Jaurlaritza Zumarragan egiten ari den apustua berebizikoa da”, aipatu zuen.