Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, Hondarribiko Udalak 2023ko kontu orokorra onartu zuen. Abotsanitz eta EH Bildu alde agertu ziren, EAJ abstenitu zen eta PSEk aurka egin zuen.
Alderdi sozialistak aurrekontuaren exekuzio maila eta kreditu aldaketen prozedura kritikatu zituen: “Gure ustez aurrekontuaren exekuzio maila ez da egokia eta kreditu aldaketako prozedimendua ez zaigu gustatu”, azaldu zuten.
Horren aurretik iazko eragozpen-txostenaren berri eman zen. Igor Enparan alkateak EAJri egotzi zion “gezurretan aritzea” eta Udalaren irudia kaltetzea: “Gezurra da 12 milioiko eragozpenak egon direla esatea. Gaur onartutako puntuan, kontuhartzaileak argi esaten du kopurua milioi batekoa izan dela”.
EAJk, berriz, salatu zuen alkateak 2023an 15 dekretu sinatu zituela kontuhartzailearen erreparoarekin, eta 2024an dagoeneko 27, guztira 12 milioi euroko zenbatekoarekin.
Ostalaritza Elkarteari dirulaguntza
Bilkuran aho batez onartu zen Hondarribiko Ostalaritza Elkarteari emandako dirulaguntza 15.000 eurotan igotzea. Neurri hau Euskal Herriko Pintxo Lehiaketaren 20. edizioa babesteko izango da. Era berean, kirol erakundeei emandako dirulaguntza izendunak ere onartu ziren talde guztien babesarekin.
Hirigintzari dagokionez, Mendelu auzorako hiri-berroneratze integralerako bulego teknikoaren kontratazioa ere onartu zen aho batez.
Turista taldeak mugatzeko ordenantza
Turista taldeak mugatzeko ordenantzaren eranskina ere behin betiko onartu zen. Estitxu Urtizberea zinegotziak azaldu zuenez, lau alegazio jaso dira epean, eta gehienak onartu egin dira. Horren ondorioz, talde bakoitza gehienez 28 lagunekoa izango da, eta uda garaian bisita gidatuak gaueko 22.00ak arte luzatu ahalko dira.
Bukatzeko, aipatu behar da atzoko bilkura Ricardo Goiogana udal teknikari ohiaren oroimenarekin hasi zela, Enparan alkateak eta zinegotziek hil berri den langilea gogoan izan baitzuten.