Síguenos en redes sociales:

Ekitaldiz gainezka heldu da uztaila Legazpira

Asteazken arratsaldean errezitaldi musikatua egingo dute Agirre Etxeberri parkean

Ekitaldiz gainezka heldu da uztaila LegazpiraAsier Imaz

Legazpiko Udalak eta elkarteek Uztakale programa prestatu dute aurten ere. Lehen bi ekitaldiak ekaina amaieran izan ziren: Erraldoi eta Buruhandien Eguna eta haurrentzako jolasak. Joan zen astean, berriz, Txost! taldearen kon-tzertua, Katxalin Eguna eta Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna izan ziren. Astelehenean haurrentzako jolasak izan ziren. Asteazkenean, 19.00etan, Manttalingo Alaba errezitaldi musikatua egingo dute Agirre Etxeberri parkean. Mikel Etxabururen poesia liburuan oinarrituta dago. Liburuak Saturrarango kartzelan giltzapetuta egon ziren 4.000 tik gora emakumeak gogoratzen ditu. 

Ostegunean, ordu berean, Ane Beloki, Malalen Akizu eta Haira Aizpuruarekin bertso poteoa egingo dute erdiguneko kaleetan.

Datorren astean bost ekitaldi izango dira. Astelehenerako, hilaren 14rako, jolas parkea eta hondarrezko eskultura tailerra antolatu dituzte. 17.00etatik 19.00etara izango dira. Ondoren, 19.00etatik 20.00etara, apar festa egingo dute. Eguraldi ona egiten badu Laubideko oinezkoentzako gunean izango dira. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Azokan. Uztailaren 15ean, 19.00etan, Hortzmuga taldeak Agurea, urpekaria, itsasoa... lana antzeztuko du Euskal Herria plazan. Familia osoarentzako antzezlana da, bigarren aukerei, hondakin isurketei eta adingabeek sare sozialetan duten esposizio arriskutsuari buruzkoa.

Hilaren 16an, Mingo Balaguerrek eta Iker Pirisek kontzertua egingo dute Agirre Etxeberri parkean. Eguraldi txarra egiten badu, Azokan egingo da. 19.00etan hasiko da. Piris tolosarrak gitarra eskolak ematen ditu Legazpiko Doinua musika eskolan. Balaguer andaluziarra da eta harmonika jotzen du. Biak blues zale amorratuak dira. Hilaren 17an Goitibera taldeak Eraitsi S.L. lana antzeztuko du Laubide kalean (eguraldi txarra egiten badu, Azokan). Antzerki saioa 19.00etan hasiko da. Espazio publikoaren eta jolasaren inguruan hausnartuko dute. Datorren asteko ekitaldiekin bukatzeko, hilaren 18an Legazpiko Anker taldeak Brinkolako Ergoena parkean joko du. Kontzertua 19.00etan hasiko da. Anker 2019an sortu zen. Trash-a, metal klasikoa, metalcore-a, death melodikoa eta power metal-a jorratzen dituzte.

Hilaren 21etik 27ra doan astean ere hainbat ekitaldi izango dira. Uztakale programako azkenak izango dira. Hilaren 21ean, 19.00etan, Ganso&Cía. taldeak Welcome&sorry lana antzeztuko du Laubide kalean. Eguraldi txarra egiten badu, Azokan izango da. Klasiko handien parodiak egingo dituzte.

Hilaren 22an La Enana Naranja taldeak Kantukantari 2 ikuskizuna eskainiko du. Betiko euskal kantak abestuko dituzte, plazan, 19.00etatik aurrera. Hilaren 23an, ordu berean, Pikor taldeak Atsoak dantzan lana antzeztuko du Kale Nagusian (eguraldi txarra egiten badu, Azokan). Protagonistak adinekoen egoitzatik ihes egin duten bi emakume dira. Bukatzeko, hilaren 24an, 19.00etan, Mac Jeara’s Band taldeak erdiguneko kaleetan joko du (eguraldi txarrarekin, Azokan). New Orleans zaharreko izpiritua Legazpira ekarriko du.

Aipatutako ekitaldi horiez guztiez gain, hilaren 18tik 20ra Aztiriko jaiak ospatuko dira eta hilaren 25etik 31ra San Inazio auzokoak.