Azkoitiko eliza atarian astigarrak eta pagoak landatuko ditu Udalak
Beroari aurre egitea eta ingurua koloreztatzea helburu duen proiektuak 14.687 euroko aurrekontua du eta astelehenean jarriko da martxan.
Astelehenean hasiko ditu Azkoitiko Udalak eliza aurreko plazako zuhaitz-landaketa lanak. Jarduketek bi edo hiru asteko iraupena izango dutela aurreikusten da. Lanek 14.687,14 euroko aurrekontua izango dute.
Egoera txarrean
Lehendik dauden zuhaitzak oso egoera txarrean daude, eta horregatik kendu egingo dituzte, haien ordez bertako espezieak sartzeko: zortzi astigar txiki eta beste horrenbeste pago landatuko dira.
Pagoak fastigiatu formakoak izango dira, hau da, hostoak gorantz hazten zaizkienak.
“Eliza ataria Alde Zaharraren bihotza da, eta orain Idiakez Ederra etxea guztiz eraberrituta dagoela, eremu atsegina geratu da. Are eta itxura politagoa hartuko du landaketekin. Egun hauetako beroari aurre egiteko ere behar-beharrezkoak dira zuhaitzak, eta aurrekoen egoera ikusita, ezinbestean, berriak sartu beharra dauzkagu”, adierazi du Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Imanol Arrizabalagak.
Txandakatutako landaketa
Astigar txikiak udazkenean kolore gorrixka hartzen du eta hostoa galtzen du. Gainera, ez du etengabeko kimaketarik eskatzen, eta horrek landarearen osasuna hobeto mantentzea ahalbidetzen du.
Pagoekin txandakatuta landatuko dira astigarrak, lerrokadurari formalki eusteko eta kolore aldetik plaza aberasteko.