Hondarribiko Udaleko Euskara Sailak dirulaguntza-ordenantza eguneratu du euskararen erabileraren normalizazioa helburu hartuta. Aurtengo berrikuntzarik nabarmenena ‘Hezi euskaraz’ izeneko dirulaguntza-lerro berria da, eta horrez gain, 2020an onartutako bost laguntza-lerrotik hirutan moldaketak egin dira. Guztira, 47.600 euro bideratuko dira euskararen sustapenerako, iaz baino 10.000 euro gehiago. Ordenantzaren moldaketaren ondorioz, laguntzak ohi baino beranduago jarriko dira martxan, eta eskaerak uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean aurkeztu ahalko dira. Informazio guztia euskara saileko 'Tramiteak eta Dirulaguntzak' atalean egongo da eskuragarri.

Euskaraz bizi

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte aldaketak Garoa Lekuona Euskara zinegotziak eta Ander Moron Euskara Saileko buruak. Bi arduradunek azaldu dutenez, ‘Hezi euskaraz’ izeneko lerro berriaren helburua da gazte, haur eta nerabeek euskaraz bizi eta sozializatzeko aukerak areagotzea, bereziki aisialdian eta kirolean. Hori dela eta, aisialdiko begirale edo kirol entrenatzaile izateko ikastaroak 2025ean euskaraz egin eta amaitzen dituzten hondarribiarrei, edo Hondarribian aritzen diren beste herrietako eragileei, matrikularen %50 ordainduko die Udalak, gehienez 250 euro arte.

Moldaketak laguntza-lerroetan

Bestalde, hiru laguntza-lerro nagusitan ere moldaketak egin dira. ‘Ikasi Euskara’ lerroaren bidez, lehen aldiz, 16 urtetik gorako herritarrek doan ikasi ahal izango dute euskara. Matrikularen %100 ordainduko da, 600 eurorainoko mugarekin, betiere ikasleak %80ko aprobetxamendua eta asistentzia izan duela frogatuz. 2024an 78 herritarrek jaso zuten laguntza hau.

'Bistaratu Euskara' laguntzen baitan, establezimenduetako errotuluez gain, lanerako ibilgailuak ere laguntza-lerro honetan sartuko dira. Errotulua euskara hutsean jartzen dutenek gastuaren %50eko laguntza jasoko dute, gehienez 400 euro, eta ele biko errotuluek %25a, 200 eurorainoko mugarekin.

Euskal webguneen sustapena

Azkenik, 'Nabigatu Euskaraz' lerroan, webguneen hizkuntza-irizpideak eguneratu dira. Euskara hutsean dauden webguneek %100eko dirulaguntza izango dute, gehienez 500 euro; euskaraz eta beste hizkuntzetan dagoen baina euskarazko aukera lehenesten duen webguneak %50eko laguntza izango du, 300 euro arte; eta euskara lehenesten ez dutenek, %25ekoa, 150 euroko mugarekin.

Gainera, ‘.eus’ domeinuaren lehen urteko lizentzia ere lagunduko da. Webguneek bi urtez bete beharko dituzte irizpide horiek eta baztertuta geratuko dira eduki iraingarria dutenak, pertsonen eskubideen aurkakoak, alderdi politikoei edo sindikatuei lotutakoak, edukiaren truke ordainketa eskatzen dutenak edota jatorri, sexu edo askatasun indibidual eta kolektiboen aurkako diskriminazioa sustatzen dutenak.

Dirulaguntzak zabaltzeko eskuorria

Udalak herri mailako euskararen presentzian eta erabileran eragiteko beharrezkotzat jotzen ditu egokitzapenak, eta helburu horrekin, dirulaguntzak modu erakargarriagoan zabaltzeko eskuorri bat diseinatu dute Haizea Lekuona hondarribiarraren eskutik. Jarduera ekonomiko zein hirigintzako eragileei zuzenduriko eskuorri zehatz bat ere prestatu dute, laguntzak ahalik eta eremu gehienetara hel daitezen.