Ekainaren 13an eta 14an 'Baskonia globalizazioan' izeneko jardunaldiak egingo dituzte Oñatin, Nabarralde Fundazioaren eta Udalaren eskutik. Urteak daramatza Nabarraldek herri-ondarea biltzen, arbasoen ohitura eta kultura jasotzen ondorengoei transmititzeko helburuarekin. Baina globalizazioa nagusitzen ari den garaiotan, mendeetan zehar mantendu den ondare hori desagertzeko bidean dagoela ohartu dira. Beraz, “herri egiten gaituen horri” buruz hausnartzeko eta etorkizunera begira nola proiektatu eztabaidatzeko beharra ikusi dute.

“Nik bizi izan dut frankismoa, trantsizioa eta demokrazia deitzen dioten hori, eta euskaldunak hemen gaude jendeari esker, ez instituzioei esker. Instituzioak atzetik datoz gure indarra ordenatzera. Baina indarra jendearengan dago. Hori da fundamentu teorikoa eta jorratu nahi duguna. Inmigrazioa, klima aldaketa, energia… Nola kokatzen gara horren guztiaren aurrean?", azpimarratu du Nabarralde Fundazioko kide den Angel Rekaldek.

Izen handiko hizlariak

Beraz, globalizazioaren garaian Euskal Herriaren kokapenak definitzeko beharrezkoak dituen oinarrien inguruan hausnartuko dute larunbat honetan Santa Ana antzokian, 9.00etatik 18.00etara. Horretarako aditu talde anitza bilduko da, nabarmendu du Anjeles Iztueta antolatzaileak. Izen handiko hizlariek parte hartuko dute: Juan Carlos Longas, Eguzki Urteaga, Xabier Irujo, Karmelo Landa, Joseba Sarrionandia, Ane Alberdi, Roser Espelt, Iñigo Urrutia, Xabier Barandiaran, Isabel Elizalde, Helena Larralde eta Eneko Bidegain. Bertan parte hartzeko izenak Nabarralderen webgunean eman behar dira.

Ostiralean, hitzaldi irekia

Gainera, ostiralean, Santiago Alba Rico idazle eta filosofoak 'Baskonia en la globalización' hitzaldi irekia eskainiko du Sancti Spiritus unibertsitatean, 19.00etan hasita. 

“Nabarralde eta Udala bat gatoz helburuetan: gure ondarea babestea, gure kultura eta historia jasotzea eta transmisio lanak egitea. Jardunaldiak helburu hori du, eta, hortik harago joanda, baita gure nortasuna mundu globalizatuan kokatzea eta horren inguruan hausnartzea ere”, dio Izaro Elorza alkateak.