Pasai Donibaneko Bixi-Bixi kultur elkarteak Gora Herriak ekimena antolatu du, duela zortzi urte jaio zena. Maiatzaren 22tik hainbat ekitaldi burutu dira eta larunbatean, ekainaren 7an, jaialdi handia ospatuko da. Ohi bezala, musikaz, dantzaz eta kulturaz jositako egitaraua antolatu dute. 

Aurtengo edizioa Abya Yala aitortzera dator. Abya Yala, Panama eta Kolonbiako kuna herriak, Kristobal Kolon iritsi aurretik, Amerikari eman zion izena da. Gaur egun, etnia indigenen hainbat ordezkarik izen horrekin aipatzen dute kontinentea, europar jatorriko Amerika izena erabili beharrean. Abya Yala izenak "lur heldua" esan nahi du edo, beste interpretazio batzuen arabera, "lur bizia" edo "loratzen ari den lurra".

Jaialdia

Egun guztiko egitaraua antolatu dute Meipi auzoan. Hasteko, 12.30ean Uztaritzeko Ihauteriak (EH) eta Diablada de Pillaro (Fuerza Pillareña eta Compartiendo Raices) (Ecuador) taldeek Santiago plazatik kalejira burutuko dute.

13.30ean Elezaharrak eta leyendak, kantuak eta kontuak ikuskizun ibiltaria hasiko da eta 14.30ean herri bazkaria egingo dute.

Arratsaldean, 17.00etan, ekitaldi nagusia egingo dute. Txalaparta, bertsolariak, omenaldia, Lintxua dantza taldea eta Abya Yalatik hitzartea zuzenean izango dira.

Ondoren, Ritmo Forastero Kolonbiako talde folklorikoaren emanaldia hasiko da eta jarraian Ustaritzateko ihauterien beste erakustaldi bat egongo da.

Eguna bukatzeko, 20.00etatik,  DJ Hija del Nopalek musika jarriko du.

Egunean zehar, Lazkaoko taloak, txozna, Abya Yalako kutixiak... egongo dira.

Pasaiako Udaletik aditzera eman dutenez, jaialdiko jarduera gehienak Meipi eta Donibane plazatik gertu egingo direnez, larunbatean Lezobide kalea itxi egingo da 11.00etatik 00.00etara.