Pasaiako gazteek feria guneetako musika zerrenda osatuko dute
Proposamenak maiatzaren 30era arte aurkez daitezke eta euskal kantek protagonismoa izan behar dute
Pasaiako Udalak herriko gazteei jaietan feria guneetan jarriko diren abestien zerrenda osatzeko proposamena egin die. Ekimen honetan 12 eta 16 urte arteko gaztetxoek parte hartuko dute. Bokaitzak proposatzen dituen 10 kantetatik 8 gutxienez euskaraz izan beharko dute eta kanta horiek inor bazterrean uzten ez duten letrak izan behar dituzte.
Proposamenak maiatzaren 30era arte aurkez daitezke ikastetxeetan eta udal zerbitzuetan (gaztelekuan, Kuadrillategi eta kale hezitzaileen lokaletan) dauden postontzietan. Dagoeneko banatu dira esku-orriak baina Udalaren webgunean ere deskargatu daitezke.
Ondoren, maiatzaren 30etik ekainaren 5era proposamenen txukunketa burutuko da. Azkenik, nerabeekin zerrendak osatuko dira. Horretarako bi saio ireki antolatuko dira: ekainaren 6an Antxoko Kulturgunean eta ekainaren 13an Donibaneko gaztelekuan.
Parte-hartzaileen artean piraguan edo padel surfean aritzeko bi pertsonentzako hamar bono zozkatuko dira.
Prozesu hau Udalak sortuak dituen hezkuntza gunearekin eta udal zerbitzuen gunearekin elkarlanean gauzatuko da.
Haurren parte-hartzea
Laura Ré, Parte-Hartze zinegotziaren esanetan “Pasaiako Udal Gobernuan argi dugu: euskara ez da soilik eskoletan, administrazioan edo bulegoetan entzun behar. Jaietan, kalean eta ferietan ere gure hizkuntza bizi eta entzun dadila nahi dugu. Horregatik egin dugu apustua feria guneetan euskarazko musika zerrenda bat jartzeko, euskararen erabilera eremu ludiko eta gazteetara zabaltzeko". Euskararen normalizazioaren alde aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa da esparru desberdinetan eragitea, eta bide horretan beste urrats bat da honakoa”, gaineratu du.
“Askotan esaten dugu haur eta nerabeen artean eragin behar dugula euskararen alde. Bada, hau da bidea: entzunak izatea, euren gustuak kontuan hartzea eta euskara espazio erakargarrietan kokatzea. Feria guneetan entzungo den musika zerrenda ez da helduek prestatutakoa, baizik eta ferietan izango diren haur eta nerabeek aukeratutakoa” amaitu du Laura Rek.
2024az geroztik Pasaia Oinherri Herri Hezitzaileen Euskal Herriko sareko kide da, eta prozesu honek ere begirada horretatik ekarpena egin nahi du, hezteko ardura partekatua herriarena eta komunitatearena ere badela jabetu gaitezen.