Irun eta Hondarribiaren arteko bidegorria aldarrikatzeko martxa antolatu du Balaztak
Ekainaren 1ean izango da, igandea, eta 11.00etan abiatuko da bi herrietatik, parte-hartzaileak Mendelun elkartuz.
Balazta elkarteak, Bidasoa eskualdean hiri mugikortasun jasangarria sustatzen diharduenak 2016tik, bizikleta martxa bat antolatuko du datorren igandean, ekainaren 1ean, Bizikletaren Nazioarteko Egunaren harira. Ekimena IrungoSan Juan plazatik eta HondarribikoGernikako Arbolatik abiatuko da 11:00etan, eta bi martxek bat egingo dute Mendelu auzoan 11.30ak aldera. Handik, parte-hartzaileak jatorrizko abiapuntura itzuliko dira.
Martxa honen bidez, Balaztak dagokien erakundeei dei egin nahi die, lehenbailehen Irun eta Hondarribia arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako lotura eroso, praktiko eta segurua bermatuko duen bidegorri bat errealitate bihurtzeko lan egin dezaten. "Egungo egoerak ez du segurtasunik eskaintzen, eta eskualdeko biztanle askok bizikletaz mugitzeko aukerak murriztuta ikusten dituzte", esan dute.
Balaztak herritarrei dei egin die martxan parte hartzeko, Irun eta Hondarribia arteko bidegorri seguru eta eroso baten beharra aldarrikatzeko, bai eta mugikortasun jasangarriaren alde ahots bateratua emateko.